Krisiari «beheraldi itxura» hartzen dio Agirre sailburuak

Aurreratu du udan ere ekonomiak ez diola utzi erortzeari eta ez direla izango emaitza onak

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2012ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Egungo krisi ekonomikoari «beheraldi itxura» hartzen dio Carlos Agirrek, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak. Urteko bigarren hiruhilekoan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiak %0,9 egin zuen atzera. Ez dago atzeraldia aurki atertuko den seinalerik, eta udan ere ekonomiaren erorketak bere horretan jarraitu duela aurreratu du Agirrek: «Ez da hiruhileko ona izango»

Apirila eta ekaina bitarteko kontu ekonomikoen xehetasunak jakinarazi zituen atzo Eustat Euskal Estatistika Erakundeak. Ohi bezala, Agirre sailburuak agerraldia egin zuen egoera aztertzeko. Agirre luze mintzatu zen nazioarteko egoeraz, eta EAEn gertatzen ari dena munduko hazkunde faltaren isla dela esan zuen.

Eskaintzaren alorrean, eraikuntzak izan zuen berriro ere emaitzarik txarrena. Urte arteko tasan %6,2 egin zuen atzera, eta lau urte eta erdi dira eraikuntza etenik gabe hondoratzen hasi zenetik. Industria prezioek aurreratzen zuten modura, bigarren sektorearen erorketa azkartu zen apiriletik ekainera. Zerbitzuei dagokienez, hazkunderik eta jaitsierarik gabe amaitu zuten hiruhilekoa.

Eskaeraren alorrean, kontsumoaren eta inbertsioaren jaitsierak aldaketarik gabe jarraitzen du. Familien kontsumoa nabarmen uzkurtu dela agerian uzten dute Eustaten azken datuek. Hiruhileko batetik bestera 4.600 lanpostu inguru galdu dira, kontu ekonomikoen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.