Ekonomia

Kritikak egin dizkiote Europako Batasunak ezarri nahi duen 65 orduko lan asteari

ELAri iruditzen zaio "helburu atzerakoienekin" aritzea dela hori, EAJk dio "langileen eskubideen kontrako benetako erasoa" dela, EAk uste du "liberalismo basatirako pausoa" dela eta Aralarrek "izugarrizko atzerapausotzat" jo du. EBko Lan ministroek gaur onartutakoa Europako Parlamentuak jo beharko du ontzat.

2008ko ekainaren 10a
19:01
Entzun
Europako Batasunak (EB) lan astea 65 ordura zabaldu nahi duela-eta, ELA sindikatuak gogor kritikatu du egitasmoa, hori "helburu atzerakoienekin" aritzea iruditzen zaiolako. "Industria Iraultzaren aurreko garaietara garamatza eta ez gizarte aurrerakoi batera", dio ELAk. Sindikatuaren ustez, proiektuak "atsedenerako denbora ezabatu nahi du" eta lan ordutegiak "amaiezinak" izan daitezke.

EBko Lan ministroek gaur lortu dute lan astea zabaltzeko akordioa, eta orain Europako Parlamentuak jo beharko du ontzat.

Emilio Olabarria EAJren Espainiako Kongresuko parlamentariak ere kritikatu egin du neurria, "langileen eskubideen kontrako benetako erasoa delako". EBko herrialde askok 35 orduko lan astea onartua dutela azpimarratu du.

EA ere ez dator bat proposamenarekin. "'Lan malgutasuna' deitzen diote haiek, baina benetan gertatuko litzatekeena langileen eskubideen murrizketa da". "Liberalismo basatirako pausoa" dela uste du EAk, eta Eurppako Parlamentuan kontra egingo duela.

Aralarrentzat, berriz, "langileriarentzat izugarrizko atzerapausoa" litzateke, "urteetan borrokaren bidez lortutakoa hankaz gora jarriko lukeelako".

Espainiako Gobernuak adierazi du bera ere ez dagoela ados egitasmoarekin, eta EBn lan eginda aldatzen saiatuko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.