Enplegua

Kualifikazio gutxiko 500 gazte trebatzeko 1,8 milioi jarriko dituzte

'Txertatu merkatuan' programa hemeretzi eskualdetako garapen agentziek kudeatuko dute.

Gazteen langabezia salatzeko ekintza bat. XAVIER BERTRAN / EFE
Ivan Santamaria.
2016ko maiatzaren 26a
20:33
Entzun

Lanbideko enplegu zerbitzu publikoaren erroldan 16 eta 30 urte bitarteko 23.000 langabe daude izena emanda. Bostetik lauk ez dute unibertsitate mailako ikasketarik. Kualifikazio gutxien duen kolektiboari zuzenduko zaion programa berria aurkeztu dute gaur Eusko Jaurlaritzak eta Garapenek, EAEko tokian tokiko garapen agentzien elkarteak.

"Ziur aski gehiago izango dira langabeak", azaldu du Fernando Nebreda Garapeneko presidenteak, laneratzeko zailtasunen ondorioz bide hori utzi duten gazteak daudelako, eta haietako asko ez daude formakuntzarik egiten ari. Zailtasun horiek kontuan hartuta aurkeztu dute 'Txertatu merkatuan'. Datozen bi urtetan 500 gazteren trebakuntza handitu eta laneratzeko prozesura gerturatzea du helburu.

Lehen fase batean langabeak egokitzen saiatuko dira. Funtsean, bakoitzaren diagnostikoa egin, eta lan aktibaziorako neurriak hartuko dituzte. Ideia da lan esperientziarik gabeko pertsonen gaitasunak eta erabili gabeko lan trebetasunak azaleratzea. Bigarren fase batean gazte langabeak trebatuko dituzte, bakoitzaren ezaugarri eta enplegarritasun maila kontuan hartuta, laupabost hilabete iraungo dituzten tailer eta ekintza praktikoen bidez

Europako Batasunak sustatu duen 'Gazte bermea' proiektuaren parte da programa, Europako Funts Sozialaren finantzazioarekin. Laguntzak jaso ahal izateko proiektuan izena eman behar dute gazteek. Prozesu horretan arazoak daudela ohartarazi dute Garapenek eta Jaurlaritzak. Gaur gaurkoz soilik 2.000 gazte inguruk eman dute izena. Espainiako Gobernuak kudeatzen duen tresna da, baina garapen agentzietatik tramiteak egiteko laguntza agindu zaie nahi duten pertsonei.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.