Zorraren krisia

Kutsadura hedatu da

Greziaren bigarren erreskatea lotu gabe dagoela, merkatuek Italiaren eta Espainiaren zorraren gaineko presioa handitu duteBigarren egunez jarraian burtsak amildu egin dira; bankuen akzioak erori dira gehien

Iker Aranburu.
2011ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Greziarekin artean zer egin ongi ez dakiela, Espainia eta Italia ere arazoen zakuan sartu zaizkio Europako Batasunari. Finantza merkatuetan handitu egin dira bi herrialdeen egoerari buruzko zalantzak, eta aspaldi ez bezalako interes tasak eskatzen dituzte inbertsiogileek haien zorra erosteko: %6,03koa Espainiaren kasuan eta %5,679koa Italiaren kasuan. Izua burtsara ere heldu da, eta joan den ostiral beltzari segida eman dio astelehen are beltzagoak.

Greziaren, Irlandaren eta Portugalen erreskateen ondoren, EBk uste zuen herrialde txarren eta onen arteko muga finkatzea lortu zuela eta inor gehiagok ez zuela salbamendurik beharko. Bada, arriskua ez dela desagertu gogorarazi zuten atzo merkatuek. Inbertsiogileek saldoka saldu zuten Italiaren eta Espainiaren zorra, eta, ondorioz, haren truke bigarren merkatuetan eskatzen duten interes tasak abiada bizian egin zuen gora. Ostiralean, %5,675eko interesa pagatu behar zuen Espainiaren hamar urteko bonua beste inbertsiogile bati erosi zionak; atzo, bonu horren truke %6,030 pagatzen zutela itxi zuten merkatua. Antzekoa gertatu zen Italiakoarekin: %5,264tik %5,679ra igo zen.

Igoerak historikoak izan arren, bi herrialdeen arrisku primek—Alemaniako bund seguruarekiko aldea— oso urrun dituzte dagoeneko erreskatea jaso duten estatuenak: Greziak 1.388 puntuko prima du, Portugalek 1.027 puntukoa eta Irlandak 1.205 puntukoa. Espainiakoa —1999an euroa sortu zenetik handiena izan arren— 335 puntura heldu zen atzo, eta Italiarena 300 puntura. Duela hiru hilabete eskas Alemaniako zorretik 120 puntu eskasera zegoen Italiarena.

Horrek ez du halabeharrez esan nahi Espainiak eta Italiak hori pagatu behar dutela beren zorraren truke, baina inbertsiogileen arteko merkatuak ildoa finkatu ohi du. Orain arte estatu batek zein besteak arazo handirik gabe saldu ahal izan dute beren zorra, baina azken asteotan interesak gora egin die, eta horrekin batera igo da beren gastuak finantzatzeko pagatu behar duten faktura. Eta zorra pagatzeko jartzen den milioi bakoitza beste leku batetik hartu behar da.

Arrazoiak eta aitzakiak

Espainiaren kasuan, adituek diote ekonomiaren hazkunde motelak, langabeziak —EBko handiena— eta bankuek etxebizitzaren merkatuaren hondoratzearekin izan ditzaketen galerak kezkatzen dituztela inbertsiogileak. Italiari dagokionez, zor publiko erraldoia —ia BPGaren %120— eta egoera politiko nahasia dira kezka iturri nagusiak.

Besterik da arazo horiek guztiak justifikatzea arrisku primak hain handiak izatea. Finantza merkatuek irrazionalki jokatzen dute sarri, batzuen eta besteen kezkak puztu egiten dituzte. Interes tasa handiei etekina ere ateratzen diete inbertsiogile askok, eta horregatik zorra bueltan ez jasotzeko arriskuak esajeratu egiten dituzte.

Burtsen erorketa

Zorraren merkatuan ez ezik, burtsan ere somatu da urduritasuna azken egunotan. Joan den ostiral beltzean %3,5 galdu ondoren, MIB indizeak beste %3,96 utzi zuen bidean atzo. Emaitzarik txarrenak bankuek izan zituzten:%7,7 jaitsi zen Intesa San Paolo eta %6,3 Unicredit. Lehenengoak %13,5 galdu zuen joan den astean, eta %20 bigarrenak. Milanen ez ezik, Europako beste burtsetan ere sufritu zuten bankuek, bereziki estu dabiltzan estatuetako zorra erosi dutenek: %8na galdu zuten Commerzbank alemaniarrak eta Dexia belgikarrak.

Espekulatzaileek burtsaren beherakada handitu ez dezaten, Consob Italiako burtsaren arautzaileak erabaki du short selling operazioak gehiago kontrolatzea. Horrela deritzo artean erosi diren akzioak saltzea, akzio horiek merkeago daudenean erostekoasmoarekin.

Bruselan, «presarik ez»

Merkatuak aztoratuta zeudela, euroaren eremuko agintari ekonomikoak Bruselan bildu ziren atzo, zorraren krisiaz hitz egiteko. Italia baino gehiago hizpidea Greziaren bigarren erreskatea izango zutela ziurtatu zuten denek. Baina ez zuten adostasunik lortu. «Greziaren erreskatea bideratzeko neurriak jarri ditugu, eta orain negoziatu behar dugu, presarik gabe», azaldu zuen Wolfgang Schaueble Alemaniako Finantza ministroak. Gaur, EB osoko ministroen txanda da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.