Gipuzkoako Batzar Nagusiek eztabaidagai zuten Kutxa banku fundazio izan ordez fundazio arrunt bihurtzeko proposamena. Bilduk nahi zuen Batzar Nagusiek Kutxako batzar orokorrari eskatzea onar dezala aldundiaren proposamena, baina aukera horren kontra agertu dira EAJ, PSE-EE eta PP.
Aldundiak proposatu zuen aurrezki kutxa horrek Kutxabanken dituen akzio gehienak Gipuzkoako erakunde publikoei ematea, "doako eskualdatze" baten bidez. Aukera hori baztertu zuen Kutxaren administrazio kontseiluak irailaren 25ean, eta Kutxako batzar orokorrak berretsi beharko du erabakia, urriaren 24an.
EAJren proposamen bat ere atzera bota dute Batzar Nagusiek. EAJk nahi zuen diputazioak hamar milioi euro gordetzea Kutxabankeko akzioak erosteko, Kutxak akzioak saldu behar balitu. EAJren esanetan, Kutxabankek aurkeztu behar duen finantzaketa planaren ondorioz, litekeena da BBK, Vital eta Kutxaren esku dauden akzio batzuk saldu behar izatea eta Kutxak %2ko desinbertsio bat egin behar izatea. Horiek diputazioaren esku geratzea proposatu du EAJk, "kontrol publiko eta sozialari" eusteko. PPk abstentziora jo du, eta Bilduk eta PSE-EEk kontra bozkatu dute.