Administrazio kontseiluaren osaketak sortutako polemika oraindik baretu gabe dela jarri da martxan Kutxabank. Atzo izan zuen lehen laneguna BBK, Kutxaren eta Vitalen artean eratutako bankuak, eta atzo bildu zen lehen aldiz administrazio kontseilu berria ere. Presidente eta presidenteordeak izendatu zituzten, batzordeetako kideak aukeratueta kontseiluko araudia onartu. Dagoeneko hiru kutxak finantza erakunde bakar batean bilduta ari diren arren, bezeroek ez zuten aparteko ezer nabaritu, norbere kutxaren markaren ondoan Kutxabankekoa ere ageri dela bakarrik.
Adostuta zegoen Mario Fernandez BBK-ko presidentea izango zela Kutxabankeko presidentea, Kutxako Xabier Iturbe lehen presidenteordea eta Vitaleko Carlos Zapatero bigarren presidenteordea. Lehen batzarrean ofizial egin dituzte kargu horiek. Administrazio kontseiluko gainerako kideen aukeraketak sortu zuen eztabaida joan den astean. Alderdi politikoak ez ziren ados jarri bakoitzak proposatu beharreko ordezkari kopuruaz. EAJk eta PPk integrazio kontratua aldatzea lortu zuten, eta hogeitik hamabostera jaitsi zuten Kutxabankeko administrazio kontseiluko kide kopurua. EAJk hamar ordezkari proposatu zituen, PPk lau eta azken aulkia PSE-EEko Carlos Zapaterorentzat izan da, Vitaleko presidentea delako. PSE-EEk ez du beste kiderik izango kontseiluan, eta Bilduk ere ez.
Bi alderdien haserrea eragin du erabakiak. Carlos Agirre Ekonomia sailburuak administrazio kontseilu berriak epe motzean iraungo duen itxaropena agertu du ETBk egindako elkarrizketa batean. Haren arabera, EAEko eta Espainiako aurrezki kutxen legeak onartzen direnean aldatu egingo da kontseiluko proportzionaltasuna.
Kutxabank martxan jartzerako EAEko kutxen legea onartuta egotea nahi zuen Agirrek. Lege hori PSE-EEren eta PPren artean prestatu dute, eta, besteak beste, alderdi politikoek eta erakundeek kutxetan duten ordezkaritza aldatu nahi du. Bizkaiko Diputazioak helegitea jarri zion lege proposamenari, testuak Gernikako Estatutuak finkatzen duen eskumen banaketa urratzen duela iritzita. Agirreren esanetan, aste honetan bertan konpon daiteke auzia, arbitratze batzordeak gaiari buruzko bilera egingo duelako gaur.
Banatuz-ek ere gaitzetsi du EAJren eta PPren arteko akordioa. «Administrazio kontseiluko kide kopurua murriztuta, hautsi egin dute kutxetako batzarrek irailean eta urrian onartutakoa», esan du ezker abertzaleko bezeroen ordezkaritzak. Banatuz-en arabera, akordioan argi eta garbi jartzen du hogei kidek osatu behar dutela administrazio kontseilua. «Batzarrean hartutako erabakiak ezin dira aldatu batzarraren adostasunik gabe». EAJri leporatu dio «antzinako tikak» mantentzea eta haren borondatea inposatzen saiatzea akordioen gainetik.
Negoziazio mahaia, osatzeke
Kutxabank dagoeneko martxan den arren, oraindik ez daude zehaztuta kontu guztiak, esaterako lan baldintzak zein eremutan negoziatuko diren. LABek bilera zuen antolatuta atzorako, negoziazio mahaia osatu ahal izateko. Kutxabankeko inor ez zen agertu batzarrera, eta ELAko eta CCOOko ordezkaririk ere ez. LABekoak eta Aspem sindikatukoak soilik joan ziren.
«Negoziazioak Euskal Herri mailan egingo zirela bermatu nahi genuen», azaldu du Joxean Urkiola sindikatuko finantza arduradunak. Beste aukera da Espainiako bulegoetan aritzen diren langileen ordezkariek ere negoziazioetan parte hartu ahal izatea, eta horrek aldatu egingo luke sindikatu bakoitzaren ordezkari kopurua —ia Euskal Herrian adina langile ditu Kutxabankek Espainian—.«Ez ditugu gure lan baldintzak inposatu nahi, baina ezta inork guri inposatzea ere». Urkiolaren hitzetan, Espainiako langileek aukera izan behar dute Euskal Herrian adostutakoarekin bat egiteko, hitzarmen propio bat izateko edo Espainiako hitzarmenaren arabera aritzeko.
LABi «onartezina» iruditu zaio Kutxabankeko ordezkaririk ez joan izana bilerara. ELAko inor ez egoteak ere «harritu» egin du sindikatua, ez ordea CCOOren kasuak, «nahiago duelako Espainiako esparrua negoziatzea». Sindikatuko ordezkariek elkarretaratzea egin zuten Kutxabankeko egoitzaren aurrean Euskal hitzarmenaren alde lelopean.
Kutxabank, zalantza artean lanean
Agirre sailburuaren esanetan, kutxen legea onartzen denean aldatu egingo da Kutxabankeko administrazio kontseiluaNegoziazio mahairik ez da osatu, LAB eta Aspemekoak soilik joan direlako bilerara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu