Finantzak

Kutxabankek 108,3 milioi euro garbi irabazi zituen iaz, %28 gehiago

Zalantzazko aktiboak estaltzeko 471 milioi hornitu behar izan ditu bankuak. Iazko emaitzak onartu ditu gaur BBK-k, Kutxak eta Vitalek osatzen duten bankuko administrazio kontseiluak, eta ondoren aurkeztu ditu Mario Fernandez presidenteak.

Mario Fernandez, goizean. LUIS JAUREGIALTZO, ARP
Ivan Santamaria.
2014ko otsailaren 27a
07:11
Entzun

Kutxabankek 108,3 milioi euro garbi irabazi zituen 2013. urtean. Aurreko urtearekin alderatuz, mozkinak %28 handitu ditu. Emaitza horietan joan den urtean izandako araudi aldaketa ugariek eragina izan dutela nabarmendu du Fernandezek. Kasu horietan guztietan Kutxabank kaltetua izan dela uste du. "Leku txarrean egon gara eserita beti", haren hitzetan.

Zalantzazko aktiboak eta arriskuak estaltzeko 471 milioi jarri ditu bankuak. Aurreko urtean baino gutxiago da, baina, hala ere, zuhurtziaz jardun dutela azpimarratu dute. Sektoreko egoera zaila ere interes marjinaren emaitzetan islatu da: %22 murriztu da.

Berankortasun tasari dagokionez, Kutxabankek %8,2 izan da. Hori bai, Cajasur Bancoren aktibo kutsatuak sartuz gero, %11,6 da. Edonola ere, sektoreko batez bestekoaren azpitik daudela azpimarratu du bankuak (%13,6). Etxebizitza hipoteken alorrean, berankortasun tasa %3ren bueltan legoke, eta Bizkaian, %1,8 baino ez.

Hiru aurrezki kutxen finantza negozioa bateratu izanak ondorio mesedegarriak izan dituela ziurtatu du Fernandezek. Alor horretan bankuaren administrazio gastuak %7,4 txikitu ziren iaz.

Gizarte ekintza

Kutxabankek 27 milioi euro banatuko dizkie bere hiru akziodunei (BBK, Kutxa eta Vital Kutxa) haiekin gizarte ekintza egin dezaten. Bere irabazien %25 dira horiek, Espainiako Bankuak baimentzen dion guztia. Aurten ere gehienez kopuru hori eman ahal izango duela uste du Fernandezek. Gogorarazi duenez, iazko abenduaren amaieran beste 27,9 milioi eman zizkien. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.