Kutxabankek 38 bulego itxiko ditu apirila baino lehen, bankuak sindikatuei atzo jakinarazitakoaren arabera. Neurriak ehun langile ingururi eragingo die, Kutxabanken arabera; LABek, berriz, 212 langile direla dio. Langile horiek beste bulego batzuetara eramango dituzte,kalte-ordainak eskainiko dizkiete edo erretiroak aurreratuko dizkiete.
38 bulegoetatik sei Nafarroakoak dira, eta gainerako 35ak Hego Euskal Herritik kanpokoak. 27 Kutxarenak, zazpi BBKrenak eta bat Vitalena dira. Bulegoetatik hiruk enpresei aholkularitza eskaintzen diete.
BBK-k, Kutxak eta Vitalek ez zuten elkarrekin lehiatzen. Jatorrizko lurraldetik aparte, ia ez zeukaten bulegorik batzuek besteen lurraldeetan. Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik kanpora bai, ordea. Kutxabank sortuta eta negozioa bateratuta, zenbait bulego itxiko dituzte, bikoiztasunak saihesteko.
Kutxabankeko arduradunek eta sindikatuetako ordezkariek lehen bilera egin zuten atzo, lan ituna negoziatzeko batzordea osatzeko. ELA, LAB eta Aspem sindikatuek Hego Euskal Herrirako lan ituna negoziatzeko mahaia osatu nahi zuten, baina Kutxabankek, CCOOk, ALEk, Pixkanakak eta GIVek ez zuten onartu. Espainiarako ituna negoziatzeko mahaia osatu zuten.
Eremua bermatu gabe
«Horrek esan nahi du Euskal Herriko enpresa handienaren —4.500 langile— itunaren negoziazioa bere eremutik kanpo egingo dela», salatu du ELAk. «Eta lan baldintzak kaskarragoak izango direla». Horrez gain, ELArentzat agerian geratu da Bilduren eta kutxetako arduradunen arteko iazko akordioak ez duela bermatu negoziaziorako euskal eremua.
ELAk eta LABek salatu izan dute Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik kanpoko langileen ordezkaritza puztuta dagoela, ordezkariak hautatzeko sistemak langile gutxiko bulegoak saritzen dituelako.
Aralarrek Kutxabanken «pribatizazio eta bankarizazio norabidea aldatu nahi du», EAEko kutxen lege proiektua erabilita. Eztabaida gizarte osora zabaldu nahi du Aralarrek.
Moody's kalifikazio agentziak Baa1 kalifikazio eman dio Kutxabanken luzera begirako zorrari, hau da, BBKri eman zion azkena baino bi koska gorako (Baa3) eta Vitalena baino bat beherago (A3). Moody'sek ez zuen Kutxaren zorra kalifikatzen. Kalifikazioaren perspektiba negatiboa da, Espainiaren eraginez. Kutxabanken sendotasuna nabarmendu du agentziak
Kutxabankek 38 bulego itxiko ditu, lau Nafarroan
Bulegoetatik 27 Kutxarenak dira, zazpi BBKrenak eta bat Vitalena; ehundik gora langileri eragingo die
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu