Mario Fernandezen dimisioaren ostean, azaroan hartu zuen Gregorio Billalabeitiak Kutxabankeko presidente kargua. Bada, Kutxabankeko administrazio kontseiluak berehala erabaki zuen, abenduaren 18an, presidente berriari soldata %73 igotzea, Efe berri agentziak baieztatu duenez. 463.500 euro zen Fernandezen soldata oinarria, eta Billalabeitiarena 600.000 euroraino igo dute.
Baina horrek ez du esan nahi urtean 600.000 euro bakarrik irabaziko dituenik presidente berriak. Kutxabankek azaldu duenez, 800.000 euro gordin irabaz dezake Billalabeitiak. 600.000 eurotik gorakoa soldataren zati aldakorra izango da, eta baldintza jakin batzuei lotuta egongo da. Dena dela, bankuak azaldu du gerta daitekeela presidenteak soldata gehiengo hori baino gutxiago ere kobratzea.
Kutxabanken arabera, Billalabeitiaren soldata finkoa bat dator legediarekin, eta erreskatatutako bankuen zuzendaritzako soldaten parekoa da. Finantza sektoreko soldaten zerrendan "beheko aldean" dago, bankuaren esanetan. Gainera, Kutxabankeko iturriek argudiatu dute Billalabeitiaren soldata txikia dela enpresa handietako zuzendarien soldaten ondoan. Billalabeitiak berak gehiago irabazten zuen Seeliger y Conde konpainiako bazkide moduan, Kutxabankeko presidente izan aurretik.
Billalabeitiaren soldata igoeraren albistea Kutxabankeko presidente ohiaren inguruko polemika piztu berritan iritsi da.