Kutxabank osatzen duten hiru kutxetako batzarrak eraldatuko dituzte datorren asteartean, eta hauteskundeetara aurkezteko talde berri bat aurkeztu zuten atzo Donostian: Biltzen plataforma. BBKko, Kutxako eta Vital Kutxako bezero «subiranista eta ezkertiar» talde batek sortu du, eta, batez ere, Kutxabanken pribatizazioa saihestea du helburu.
Julian Zapiain zerrendaburuak azaldu duenez, «arduratuta» daude hainbat sektore sozial eta politikok Kutxabank pribatizatzeko erakutsi duten asmoagatik. «Modu sendoan iragarri eta salatu nahi dugu hilabete batzuk barru urtetan izaera soziala, hurbilekoa eta publikoa izan duten kutxetako negozioa burtsara atera eta pribatizatzeko asmoa daukatela, baldin eta guk eragozten ez badugu».
Kutxabank sortu zenetik lehenengo hauteskundeak izango dira, eta garrantzitsutzat jo ditu Biltzen taldeak. «Kutxabanken sorrerarako akordioak hainbat alde positibo zituen, eta pribatizazioari ateak ixten zizkiola zen horietako bat». Hala ere, ez zaie gustatu azken hilabeteetan ikusitakoa: «EAJ, PSE eta PPren ordezkarien botoekin kutxak izaera pribatuko fundazio bihurtzeko pausoak eman dituzte». Biltzen taldeak kutxen izaera publiko eta soziala bermatu nahi du, izaera demokratikoa eta gardena, Kutxabanken jarduera eremua Euskal Herria izatea, eta ekonomia errealaren aldeko apustua egitea, «pertsonei begirakoa».
Araban, Vital Si plataforma
Bestetik, Vital Kutxaren batzarra eraberritzeko urriaren 30ean egingo dituzten hauteskundeetarako Vital Si plataforma aurkeztu dute Araban. Gustavo Antepara enpresari gasteiztarra izango da zerrendaburua, eta azaldu du plataformaren helburu nagusia Gasteizek eta Arabak «Kutxabanken indarra izatea» dela.
Gizarte Ekintzan Vital Kutxaren izena mantendu behar dela defendatu du Anteparak: «Vital Kutxak motor bat izan behar du Arabarentzat, eta, batez ere orain, krisi ekonomikoa dugun garai honetan».
Kutxabankeko bozetan parte hartzeko sortu dute Biltzen plataforma
Pribatizazioa saihestea da hiru kutxetako bezero «ezkertiar eta abertzaleek» sortutako taldearen xede nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu