Kutxabanken mozkina ia erdira jaitsi du Euskaltelen isunaren eragina estaltzeak

Etxegintzaren galerak estaltzeko Espainiako Gobernuak jarritako baldintza guztiak betetzen ditu

Erredakzioa
2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Etxegintzarekin izan zitzakeen arriskuak estali ondoren, Euskalteli ezarritako isunak sortutakoak estali behar izan ditu Kutxabankek. Horren ondorioz, aurtengo lehen hiruhilekoan iazkoan baino %43 gutxiago irabazi du kutxen bankuak: 50,3 milioi euro.

Iaztik krisia gogortu den arren, iazko emaitzak parekatzeko bidean zen Kutxabank baturik funtzionatu duen lehen hiruhilekoan. Baina irabazietatik 44,3 milioi hornitu behar izan ditu, ordea, «arrisku orokorrei aurre egiteko». Diru horrekin Euskaltelen isunak sor diezaizkiokeen galera osoak estali dituela ziurtatu du Kutxabankek, agiri baten bidez. Telefono konpainiaren akzioen %69 ditu Kutxabankek, eta berak emango dio mailegua isuna paga dezan. Isuna estaltzeko adina edo horren zati bat emango ote duen ez du ofizialki esan Kutxabankek. Euskaltelen akzio multzo bat saltzeko asmoa dauka, edonola ere.

Hornidura horrekin finantza aktiboen galera ere estali du Kutxabankek, baina ez, ordea, etxegintzari lotutakoak, horiek guztiak bete baititu honezkero: lurzoruan %64 hornitua du, %54 abian diren sustapenetan eta %37 sustapenen eta higiezinen alorretako aktibo arriskutsuetan. Gainera, egoera normaleko arriskuekiko %7ko estaldura gehigarria egina dauka. Horiekin guztiekin betetzen ditu Espainiako Gobernuak jarritako baldintzak.

Halaber betetzen ditu Espainiako Bankuak eta Europako Batasunak eskatzen dituen gutxieneko kapitalaren eskakizunak: %10,2ko Core Tier 1 ratioa du, %11koa kapital nagusian eta %12,2ko kaudimen koefizientea.

Berankortasuna, %8,3an

Egoera ekonomikoaren okertzeak kalte egin dio Kutxabanken negozioari. Batetik, tarte gordina %9 murriztu da, mailegu gutxiago eman dituelako eta FGD Gordailuen Berme Funtsean orain arteko halako bi jarri behar izan duelako. Bestetik, berankortasuna handitu egin da, eta %8,3ra heldu da. Horren zati handi bat CajaSurri dagokio, hura gabe %4,7an legokeelako.

Kordobako kutxaren bat egitea amaitu du Kutxabankek martxoan, eta horrek lagundu dio kostuak %7,3an txikitzeari. Hiru euskal kutxen sistemak bateratzen ari dira orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.