Kutxabanken, parte hartze industrial guztiak daude aztergai

Kontabilitate arauak bultzatuta Euskaltelen akzioak saltzekotan dabiltzala onartu du Mario Fernandezek

Erredakzioa
Bilbo
2012ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Industrian dituen parte hartze «guztiak» banan-banan aztertzen ari da Kutxabank, horietako batzuk saltzeko asmoarekin. Hala adierazi du Mario Fernandez bankuko presidenteak. Guztira, 266 enpresatan hartzen du parte BBK-k, Kutxak eta Vital Kutxak sortutako bankuak. Horien artean daude Iberdrola (%7), Petronor (%14), CAF (%20) eta Euskaltel (%67,5).

Telefono konpainiaren zati bat saltzeko asmoa nahiko garbi utzi zuen atzo Fernandezek, Deustuko Unibertsitatean ikasteko beka gehiago emango dituztela azaltzeko egindako agerraldian. «Teknikoki zein estrategikoki, gomendagarria dirudi [parte hartzea] berraztertzea, eta horretan ari gara», azaldu du. Euskaltelen sorreran parte hartu zuten hiru kutxek, Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Azken horrek akzioen %2,15 baizik ez ditu orain, Energiaren Euskal Erakundearen bitartez, eta eskaintza ona aurkituz gero salduko lukeela esan du. Beste akziodun handietako bat, Endesa argindar konpainiak (%10,6) ere esan du ez duela partehartzea estrategikotzat jotzen.

Basilea III-ren eragina

Hein handi batean kontabilitate arrazoiek bultzatuko dute Kutxabank parte hartze industrialak saltzera. Izan ere, orain arteko arauekin —Basilea II— industrian dituzten akzioak kapital gisa zenbatzen dira; Basilea IIIrekin, berriz, estali beharreko inbertsio arriskutsu gisa azalduko dira. Fernandezek azaldu duenez, rating agentziek ere zigortzen dituzte parte hartze industrialak dituzten bankuak. Kutxabanki bereziki egiten dio kalte, «erlatiboki, Espainiako finantza sektoreko kartera industrial handiena duelako».

Salgai egon daitezkeen artean dago Ibermatica ere (%52). EAEko administrazioaren sistema informatikoaren berritzean ustez egindako iruzurrean parte hartu izana egotzi diote Donostiako konpainiari. Fernandezek, ostera, «ziur» dago ez dela deliturik egin, hala adierazi diolako Jose Luis Larrea Ibermaticako presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.