Jada gauzatu da salmenta. Gipuzkoa Donostia Kutxak Banco Madriden akzio guztiak saldu dizkio Banca Privada D'Andorrari 150 milioi euro ingururen truke. Iaz 69 milioi euro garbi irabazi zituela aintzat hartuta, irabazien bikoitza baino gehiago fakturatuko du banku horren salmenari esker. Akzioez gain, hainbat eraikin ere saldu dizkio Andorrako bankuari. Iragan urtean iragarri zuen Kutxak banka pribatuan aritzen den Madrilgo erakundea saltzeko asmoa zuela, eta martxoan hitzarmena lortu zuen BPArekin. Azken pausoa baino ez zen falta, eta behin Espainiako Bankuaren oniritzia lortuta, atzo salmentaren berri eman zuen Kutxak.
Fernando Spagnolo Kutxako presidente zen garaian, 2001. urtean, erosi zion Banco de Madrid Deutsche Banki 23 milioi euroren truke. Banka pribatuaren esparruan sartzeko asmoa iragarri zen garai hartan. Hamar urte beranduago, Kutxako egungo arduradunek uste dute banka pribatuaren negozio mota hori ez datorrela bat aurrezki kutxaren egungo ildo estrategikoarekin.
Banco Madrid salduta, zama bat kenduko du gainetik Kutxak. Banka pribatuaren gainbeherak eraginda, hainbat aldiz hornitu behar izan du diruz eta 2008an larrialdizko plan bat onartu behar izan zuen bere kontuak garbitu eta bazkide berriak topatzeko.
Nahiz eta 150 milioi euro lortuko dituen salmentan Banco Madridi Monteverde higiezin agentziak eragindako galera hartu du bere gain Kutxak. Monteverdek zorrak ordainketak etenda ditu eta hartzekodun nagusia Banco Madrid du: bere garaian 170 milioi mailegatu zizkion. Operazioa gauzatzeko hori zen oztopo nagusia baina 2010eko martxoan Kutxak hitzartu zuen galera hori bere gain hartzea. Hala ere, hainbat eraikin ere saldu dizkio BPAri eta horien truke ere zehaztu gabeko diru kopuru bat lortu du.
Kutxak 150 milioi euro inguru lortuko ditu Banco Madrid salduta
2001ean erosi zion Deutsche Banki 23 milioi euroren truke, eta Andorrako BPAri saldu dio orain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu