BBK, Vital eta Kutxaren bat-egitean herritarren interesak baztertu egingo dituztela salatu dute gaur ELAk eta LABek. Joera neoliberala gailendu dela adierazi dute bi sindikatuek, ohar banatan, eta banku bihurtzeko bidean jarriko dituztela modu horretan.
Igor Izagirre ELAko Zerbitzuetako idazkari nagusiak esan du alderdien artean boterea banatzeko interesak nagusitu direla eta herritarrenak, "batik bat langileenak", baztertu egin dituztela. ELAk otsailaren 23an fusiorako aurkeztu zituen lau puntuetatik bakar bat ere ez dutela aintzat hartu jakinarazi du. ELAk, gainera, langileengan eta lan baldintzengan izango duen eraginaren gaineko kezka agertu du.
"Akordio honekin finantza-aktiboak eta langileak banketxe bateko parte izatera pasa daitezke. Horrekin bankarizaziorako atea irekitzen da, edo bestela esanda, gure kutxen pribatizaziorako. Honela kutxa baten bene-benetako funtsa galtzen da, Caja Navarra-Banca Cívicarekin gertatu den moduan”, adierazi du Izagirrek.
LABek ere kutxen bankarizazioa ekarriko duela azaldu du, eta garbi esan du orain arte jakin denari helduta ezkor dela. "Iragarritako prozedura pribatizatzen bidean sakontzen du, bankarizatzearen aldeko apustua guztiz garbia izanik. Kontran, obra sozialaren tartea gero eta txikiagoa geratuko da, eredu soziala ez baita bere bidea, ezta helburu ere".
Finantza negozioa kontrol publikotik kanpo geratuko dela salatu du LABek, eta operazioak Espainiako interes eta behar ekonomikoetan oinarrituko direla. "EAJ-PP-PSOE ados jarri dira, botere eremu banaketa egiteko. Maltzurki hitzen erabilera neoliberala egiten dute, guztien atzean hiru alderdien erabakiak daudenean, hemen ez baitago erabaki teknikorik".
Kutxen elkartzea beharrezkoa da LABen hitzetan, funtzio soziala bete dezaten, "Euskal Herriaren baitan". Fusio horrekin, ordea, funtzio sozialari ez zaiola erantzungo gaineratu du.
CCOOrentzat, albiste ona
Unai Sordo CCOO-Euskadiko idazkari nagusiak, berriz, fusioa albiste ona dela esan du, eta eredu soziala bermatuko duelako eta langileen eskubideak mantenduko direlako itxaropena agertu du. Hala ere, orain bultzatu den eredua "dinamika politiko eta beste gauza batzuen" ondorio dela aitortu du.
"Ikusiko dugu nola garatzen den, baina, oro har eta zehaztasunak ezagutu gabe, albiste ona da, finantza merkatua bankarizazio prozesu baten baitan baitago", gaineratu du Sordok.