Kutxak etxegileei emandako maileguen laurdenak zalantzazkoak dira

Banca Civicak ziurtatu du kapitala aktiboen %8,05era iritsi dela eta burtsara irtengo dela aurki

Erredakzioa
Donostia
2011ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Gipuzkoa Donostia Kutxak eraikuntzarako emandako maileguen laurdenak zalantzazkoen artean ditu. Vital Kutxak, berriz, mailegu horien %12,9 ez jasotzeko aukera onartzen du, eta antzeko kopurua Banca Civicak.

Espainiako Bankuak eskatuta, aurrezki kutxek eraikuntzarekiko duten menpekotasunaren berri eman behar izan dute. Operazio horren bidez izan ditzaketen galerak aitortzea nahi du banku zentralak. CNMV burtsaren arautzaileari emandako informazioan, Kutxak jakinarazi du 1.713,9 milioi euroren maileguak eman dituela etxegintzarako. Horietatik, 440,9 milioi zalantzazkoak dira, hau da, %25,7. Galtzeko arrisku handia duten kreditu horietatik ia erdia —204,6 milioi— Banco de Madridi dagozkio. Banku hori saldu egin zion iazko martxoan Kutxak Andorrako BPAri, baina hark Monteverde promotereari emandako mailegu ustelak bere gain hartu behar izan zituen. Zalantzazko mailegu horietan guztietan izan ditzakeen galerak estaltzeko 240 milioi euro baztertu ditu Kutxak.

Kutxak ez du, berez, menpekotasun handia etxegintzarekiko:guztira, maileguen %11,21 baizik ditu eman etxeak egiteko edo lurra erosteko. Partikularrei etxeak erosteko emandako maileguak, esaterako, 9.830,4 milioi eurokoak dira, eta horietatik %2,55 daude berankortasunean.

Antzeko egoeran dago Vital Kutxa. Arabako aurrezki kutxa nagusiak 1.253 euroren maileguak eman dizkie etxegileei, eta horietatik 162 milioi ditu zalantzan, hots, %12,9. Etxebizitza erosteko maileguetan berankortasuna %1,18koa da.

Banca Civica, mugatik gertu

Kutxak zein Vitalek nabarmendu dute likidezia aldetik ez dutela arazorik izango hurrengo urteotan, eta kapital aldetik ere aise beteko dituztela Espainiako Gobernuak otsailean ezarriko dituen gutxieneko mugak: Arabakoak %12,14ko oinarrizko kapitala zuen abenduaren 31ean, eta Gipuzkoakoak, berriz, %12,51eko Tier 1 core capital-a.

Kaudimen aldetik larriago dago Nafarroako Kutxaren Banca Civica taldea. Atzo zabaldu zuen oinarrizko kapitala %8,05era iritsi zela. Madrilek %8eko muga jarri die burtsan kotizatuko duten finantza erakundeei, eta hortik gora —artean zehaztu gabe—, aurrezki kutxa izaten jarraitu nahi dutenei. Gauzak horrela, Banca Civicak iragarri du aurki burtsan kotizatzeko asmoa duela eta atzo erakutsitako kapitalari esker diru pribatua lortzea errazagoa izango zaiola. Oraingoz, ordea, huts egin du Banca Civicak, JC Flowers funtsak bere inbertsio planetan atzera egin baitzuen.

Kapitala erakartzeko aurkezpena egin zuten atzo Enrique Goñi eta Antonio Pulido taldeko buruek. Han esan zutenez, neurriak hartu dituzte aurten bertan beren kabuz kapitala aktiboen%10era iristeko.

Banca Civicak 9.187 milioi euroko kredituak eman dizkio etxegintza sektoreari, eta horretaitk %12,95 dira zalantzazkoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.