Espainiako Lehia Batzordeak 24 milioi euroko isuna jarri die BBK, Kutxa, Vital Kutxa eta Nafarroako Kutxari, 1990-2005 bitartean euren artean ez lehiatzeko akordioa gauzatzea eta merkatuan beste erakundeen aurrean nola jokatu adostu izana leporatuta, eta gaur Kutxak azaldu du helegitea sartuko duela. Aurrezki Kutxek bi hilabeteko epea izango dute Espainiako Auzitegi Nazionalean administrazioarekiko auzi errekurtsoa ipintzeko.
Horretaz gain, isuna ez gauzatzeko eskatu du Kutxak. Hain zuzen, hari zazpi milioi euroko isuna jarri dio Espainiako Lehia Batzordeak.
"Kutxak ez du Lehia Batzordeak aipatzen duen inolako akordioetan parte hartu", esan du Kutxak prentsa ohar batez gaur. Gipuzkoatik kanpo egoitzak ireki izan dituenean, bere "estrategia eta eredu komertziala kontuan hartuta ireki" izan dituela dio. "Jarrera horrek ez die kalte egin ez bezeroei eta ez lehiari. Datu bat: Kutxen Euskal Federazioan 60 finantza elkarte daude eta bi mila egoitza. Euskal finantza merkatua beste edozein baino helduagoa dago".
Nafarroako Kutxak ebazpena gaitzetsi egin zuen atzo bertan, eta bide judizialari ekingo diola adierazi zuen. auziak sei bat urte iraungo duela aurreikusita, Auzitegi Nazionalari zigorraren ordainketa arretaz eteteko eskatuko dio.
Vital Kutxak "neurriz kanpokotzat" jo zuen atzo zigorra. Aurrezki kutxako zerbitzu juridikoek ebazpen ofiziala jaso eta aztertzen dutenean erabakiko dute helegitea ipini edo ez. BBK ere horretan ari dira.
Ekonomia
Kutxak helegitea jarriko dio Espainiako Lehia Batzordearen erabakiari
BBK, Vital Kutxa eta Nafarroako Kutxarekin elkarren artean ez lehiatzeko akordiorik ez duela egin dio Kutxak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu