Finantza sektorea berregituratzeko prozesuan diru publiko gehiagorik ez galtzeko bitartekoak martxan jarriko ditu Espainiako Gobernuak. Hain zuzen ere, Espainiako Bankuak esku hartu eta kontrolatzen dituen kutxak saltzerakoan diru galerak gertatuko balira, gordailuak bermatzeko funtsaren diruarekin estaliko lirateke.
Aurrezki kutxek, bankuek eta kreditu kooperatibek banakako funtsak dituzte. Horien helburua bezeroen gordailuak babestea da, erakunderen batek porrot eginez gero. Finantza krisia gertatu zenetik, 100.000 euro arteko kopurua estaltzen dute funts horiek, bezero eta erakunde bakoitzeko. Orain, hirurak batzeko asmoa du gobernuak.
Funtsak elkartzeko erabakiaren bidez, finantza sektore guztia aurrezki kutxak onbideratzeko plangintzan engaiatu nahi dutela azaldu zuen atzo Elena Salgado Espainiako Ekonomia presidenteordeak. Funts bateratu berria ia 6.600 milioi eurorekin abiatuko da, eta urtero beste 850 milioi inguru jasoko ditu, finantza erakunde guztiek bideratu behar dituzten kuoten dirutik.
Finantza sistema berregituratzeko prozesuaren azken faseak 7.551 milioi euroko laguntza publikoa izan du, FROB funtsaren bidez bideratu dena. Diru hori guztia eta etorkizunean arazoak dituzten erakundeena bere gain hartu beharko du hemendik aurrera gordailuak bermatzeko funtsak.
Salgadok CAM Caja Mediterraneoren adibidea jarri du. CAMek zuen kaudimen eta likidezia arazoari aurre egiteko, 2.800 milioi euro sartu zituen FROBek. Orain, kutxa saltzeko enkantea zabalik dago, baina diru guztia berreskuratzeko arazoak egon litezke. Salmentan diru publikoa galduko balitz, gordailuen funtsetik aterako litzateke galera hori. Espainiako Bankuak dagoeneko aitortu du litekeena dela jarritako 2.800 milioi horiek galtzea, eroslea aurkitu nahi izanez gero.
Defizitari laguntzeko
Salgadok nabarmendu zuen kutxak kapitalizatzeko dirua zergapekoen bizkarretik ez ateratzea lortu dela neurriari esker. Gainera, fakturak ez du gizenduko defizit publikoa. Salgadok berak aitortu du defizita murrizteko hartutako konpromisoak bete ahal izateko «neurri osagarria» izango dela. Aurten %6ra jaistea da helburua, eta CAMi emandako dirua traba nabarmena izan liteke gauzatzeko.
Adicae finantza erakundeetako erabiltzaileen elkarteak kezka azaldu zuen aldaketaren inguruan, eta, gordailu funtsaren ordainketa arriskuan egonez gero, Espainiako Bankuak bermatzea exijitu zuen.
Krisiaren gogortzea. Aldaketak finantza sisteman
Kutxak kapitalizatzeko prozesuaren galerak ez dira diru publikoarekin ordainduko
Finantza sistemaren hiru gordailu funtsak bateratuko dira, eta diru horrekin estaliko dira balizko zuloak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu