Kutxako bozetan berdindu egin dute EH Bildu eta EAJren zerrendek

Ezker subiranistak aukera handiagoa du Kutxako batzarrean gehiengo osoa izateko, bezeroen ordezkariak hautatu osteanBBK-ko bozetan jeltzaleen zerrenda nagusitu da, eta PPrena Vitalen

Kutxabanken kartelak jartzen, Bilboko egoitza nagusian, joan den urtarrilean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Fernandez.
2012ko urriaren 31
00:00
Entzun
Kutsu politiko handia izan dute BBK, Kutxa eta Vital Kutxako batzarrak berritzeko atzo egindako hauteskundeek, eta emaitzen interpretazioa ere politikoa da erabat. Hauteskunde partzialak izan dira, soilik bezeroen edo ezarleen arteko bozak izan baitira, hau da, azaroaren 21erako osatuko diren hiru kutxetako batzar bakoitzean (80na aulki dituzte) jarriko diren 37 ordezkariak aukeratu dituzte. Gipuzkoan zegoen ikusminik handiena, eta Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan gertatu den bezala, Kutxan ere berdindu egin dute Biltzen plataformak—EH Bilduk babestua— Indartuz-ek —EAJk babestua—, hamabina ordezkarirekin. Kutxa bakoitzeko bozketan, zozketa bidez aukeratutako mila bezerok izan dute botoa emateko aukera.

EAJk eta PPk lortutako akordio bati esker, iaz Kutxabankeko administrazio kontseilutik kanpo laga zituzten Bildu eta PSE, eta hauteskunde prozesu honen bidez botere banaketa berria irits daiteke Kutxabanken agintaritzara. EH Bilduren ordezkaritzak pisu esanguratsua izan dezake bertan.

Gipuzkoan, PSEren gertuko zerrenda geratu da hirugarren postuan, lau ordezkarirekin; Pixkanaka Kaskari taldea laugarren postuan, hiru eserlekurekin; CCOOko zerrenda bosgarren, bi ordezkarirekin. Gainontzeko hiru ordezkariak Madrilgo eta Valentziako bezeroek hautatu dituzte. Vital Kutxan, berriz,PPren gertuko Vital Si zerrenda nagusitu da bederatzi ordezkarirekin, EAJren zerrendak zortzi eserleku lortu ditu, eta Biltzen-enak bost; Candidatura Socialek ere bost aulki lortu ditu, Grupo Independientek lau, Cultura Vitalek hiru, eta PSEren gertuko zerrendak bi. Bestalde, BBK-ko hauteskundeetan ez da ustekaberik izan, eta EAJren Aurrera zerrendak irabazi du, hamazazpi ordezkari lortuta. Bigarren postuan geratu da CCOOren gertuko zerrenda, zortzi aulkirekin; hirugarren, PSEren gertuko zerrenda, zazpi eserlekurekin, eta laugarren, Biltzen, bost ordezkarirekin.

Arantza Urkaregi Biltzen-eko zerrendaburuak azaldu duenez, BBK-ko hauteskundeak inpugnatu zituen atzo, kutxaren egoitzaren aurrean EAJren zerrendaren aldeko lagun batzuk euren hautagaien aldeko botoak banatu zituztelako.

Batzarren garrantzia

Kutxabank sortu zenetik indarra galdu dute kutxetako batzarrek, baina eragin zuzena dute haren agintarien hautaketan. Azaroaren 21era bitartean egingo diren hautaketen ondorioz eraberrituko dira hiru kutxetako batzarrak, eta Kutxabankeko agintaritzarako iaz EAJk eta PPk erabakitako ordezkaritza berretsi ala aldatu ahal izango dute. Gainera, Kutxabankek bat egiteren bat edo erosketaren bat egin nahi badu, BBK, Kutxa eta Vitaleko batzarren oniritzia behar izango du.

Atzokoan 80 ordezkaritik 37 aukeratu zituzten, bezeroen ordezkariak. Aulki horien banaketa garrantzitsua izan arren, are garrantzitsuagoa da gainontzeko 43 eserlekuen banaketa. Erakunde fundatzaileek (aldundiek eta hiriburuetako udalek) hamalau ordezkari aukeratzen dituzte, bulegoak dituzten udalek beste hamalau, langileek sei, batzar nagusiek bost eta kultur eragileek lau.

Langileek joan den astean hautatu zituzten euren ordezkariak. BBK-ko sei ordezkarietatik hiru CCOOak lortu zituen, bi ELAk eta bat LABek; Kutxan Pixkanaka Kaskari elkarteak hiru lortu zituen, bi CCOOek eta batLABek; Vitalen, berriz, CCOOek lortu ditu hiru aulki, ELAk bi eta Vital Talde Independenteak bat. Bestetik, Gipuzkoako Diputazioak atzo iragarri zituen Kutxako batzarrerako izendatu dituen sei ordezkarien izenak, Joseba Permach eta Ino Galparsoro tartean.

Aldaketa nagusia Gipuzkoan gertatu daitekeela aurreikusten da, batez ere iazko martxoko udal eta foru hauteskundeez geroztik Bilduren esku daudelako bai Foru Aldundia, bai Donostiako Udala eta baita lurralde horretako udal gehienak ere. Hortaz, Kutxako batzar eraberrituan gehiengo zabala izateko aukera handia du EH Bilduren ordezkaritzak; indar hori baliatuz, Kutxari Kutxabankeko administrazio kontseiluan dagozkion lau ordezkarietatik hiru aldatzeko aukera izan dezake. Izan ere, hamabost ordezkarik osatzen dute Kutxabankeko administrazio kontseilua: BBK-k aukeratutakoak dira bederatzi, Kutxak lau eta Vitalek bi.

Kutxa bakoitzeko administrazio kontseiluak aukeratzen ditu Kutxabanken dagozkion ordezkariak, eta aldi berean,kutxa bakoitzeko batzarrek aukeratzen dute kutxaren administrazio kontseilua. Kutxa bakoitzeko agintaritza hamabost kidek osatzen dute: bezeroek aukeratzen dituzte sei ordezkari, fundatzaileek eta udalek hiruna, eta bana batzar nagusiek, langileek eta kultur erakundeek.

Kutxabanken botere banaketaren lehia nagusia Gipuzkoan dago, eta EAJren eta EH Bilduren artekoa da batez ere. Jeltzaleek arazo barik kontrolatzen dute BBK, Kutxabanken indar handiena duena, eta EH Bilduk Kutxako batzarra kontrolatu dezake hemendik aurrera. Dena dela, jeltzaleen esku geratuko da Kutxabanken gaineko kontrola. Sozialistek dute administrazio kontseiluan sartzeko aukera gutxien iazko udal eta foru hauteskundeetan udalerri asko galdu baitzituzten (Donostia tartean) eta ez baitu aldundi bakar bat ere kontrolatzen.

Zerrendaburuen pisua

BBK, Kutxa eta Vitaleko batzarren eraberritzearen garrantzi politikoaren neurria erakusten du atzoko hauteskundeetarako bi indar abertzaleek babestu dituzten plataformak eta zerrendetako lehen postuetan jarri dituzten politikarien pisua.

EAJk babestutako Aurrera Vital plataforman, esaterako, Juan Mari Ollora Arabako ahaldun nagusi ohia eta Javier Balza Herrizaingo sailburu ohia aurki daitezke Araban; jeltzaleek Gipuzkoan babestutako Indartuz plataforman, berriz, Xabier IturbeKutxako presidente eta Kutxabankeko presidenteordea da zerrendaburua; Bizkaian, EAJren zerrendaren aldeko botoa eskatu zuen herenegun Mario Fernandez BBK-ko eta Kutxabankeko zuzendariak. Beste aldetik, EH Bilduk babestutako Biltzen plataforman, Iñaki Usategi da zerrendaburua Araban, Julian Zapian Gipuzkoan eta Urkaregi Bizkaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.