Kutxen Legearen erreforman, PSOE eta PP ados

Aurrezki erakundeen parte-hartze kuotak erosten dituztenek eskubide politikoak izango dituzte

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Aurrezki Kutxen Lege Organikoa erreformatzeko ados jarri dira PSOE eta PP. Hiru hilabete baino arinago araua aldatzeko proposamen bateratua eramango dute Espainiako Gorteetara. Bien babesa izanez gero, aurrera ateratzeko arazorik ez luke izango. Akordioa Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentearen eta Mariano Raxoi PPko buruzagiaren arteko bileraren emaitza nagusia da.

EAEk eta Nafarroak lege propioak dituzte aurrezki kutxak arautzeko. Haatik, Espainiak ezartzen dituen gutxiengoak betetzera derrigortuta leudeke.

Aldaketa nagusia parte-hartze kuoten moldaketa izango da. Aurrezki kutxak irabazi asmorik gabeko erakundeak direnez, ezin dute akziorik saldu, sozietate anonimoak balira bezala. Kapitala lortu ahal izateko, akzioen ordez kuota horiek jaulkitzea baimendu zien 2004an Espainian egin zen lege aldaketak. Eskubide ekonomikoak dituzte, baina ez politikoak. Hots, kuota horien erosleak ezin du kutxako erabakietan parte hartu.

Orain, aurrezki kutxak beste finantza erakundeekin «parekatu» nahi dituzte PSOEk eta PPk. Horretarako, eskubide politikoak aitortuko zaizkie parte-hartze kuotak dituztenei. Kuota horiek burtsan kotizatu eta salerosteko aukera izango da. Gaur egun, pertsona batek ezin du kutxa bateko kuoten %5 baino gehiago izan, baina muga horrekin zer gertatuko den ez dute zehaztu akordioan.

2004. urtetik indarrean egon arren, gutxi dira parte-hartze kuotak saldu dituzten erakundeak. Kutxa batzuek -BBK eta Kutxa, horien artean- mesfidantzaz hartu zuten tresna hori, eta erakundeen izaera juridikoa itxuraldatzeko arriskua zekarrela salatu zuten.

Birmoldaketari bultzada

Lege moldaketa alde batera utzita, sektorea birmoldatzeko prozesuari beste bultzada bat ematea hitzartu zuten Zapaterok eta Raxoik. Izan ere, heldu den ekainaren 30an amaitzen da bat egin nahi duten kutxei laguntzeko eratu zen funtseko (FROB) dirua baliatzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.