LA POSTE. Estatus publikoa utzi du La Postek, eta sozietate anonimo bihurtu da

Europako Batasunak posta merkatua liberalizatzera behartzen duela argudiatu du Frantziako Gobernuak estatusa aldatzeko

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2010eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Atzo utzi zuen La Poste enpresakestatus publikoa. Orain arte hori zuen ezaugarri berezi, eta, hemendik aitzin, sozietate anonimoa izanen da. Frantziako Gobernuak aurkeztu arrazoi nagusia: 2008ko otsailaren 20an izenpetu Europako Batasuneko arteztarauak 2011ko posta merkatuaren liberalizazioa dakarrela, eta horri aurre egiteko «zerbitzua modernizatzeko beharra» dela. Herritarrek ozen adierazitako desadostasuna entzun gabe, Senatuak estatus aldaketaren alde bozkatu zuen 2009ko abenduaren 23an, eta Asanblada Nazionalak urtarrilaren 12an.

2008ko agorrilean, La Posteko presidente Jean-Paul Baillyk adierazi zion xede hori administrazio kontseiluari, eta, zeharka, Frantziako Gobernuari. Azaldu zuenez: «Berant egin zaigu, eta ez dugu horrela segitu behar; ezin dugu europar talde handien multzotik ateratzeko arriskua hartu». Mezua ongi entzun zuen Frantziako Gobernuak, 2008ko abenduan Nicolas Sarkozy Errepublikako presidenteak segurtatu baitzuen posta zerbitzuaren estatusa aldatu egingo zuela.

Kapitala ireki

Garaian, mezu bera zuten Baillyk eta Sarkozyk: merkatu librean, La Posteren garapena eta modernizazioa segurtatzeko, beharrezko dira 2,5 eta 3,5 miliar euro artean; horretarako aterabide bakarra estatusa aldatzea da. Hain zuzen, orotara, 5,7 miliar euroko zorrak ditu enpresak, eta, Sarkozyrentzat, «munduko postetan zorrik handienak dituztenetan da».

Baina, zorren «estakuruan» ez dute sinesten sindikatuek. Alde batetik, enpresa ez delako defizitarioa: 2008an, 520 milioi euro irabazi zituen; iaz, 387 milioi. Maulen postari eta Sudeko sindikatuko arduradun da Loic Gilmen, eta, haren iduriz, «argi da arrazoi hori ez dela egiazkoa. Estatuaren xedea bakarra da: La Posteren kapitala ireki nahi du».

Horrez gain, Gilmenek dio zor horiek, nonbait, Frantziako Estatuaren kulpaz direla. Adibidez, bi miliar euro Estatuaren aurrekontura banatuak dira erretreten ordaintzeko; La Postek dibiden- duak banatzen dizkio Frantziako Estatuari, zerbitzu publikoaren misioak segurtatzeko Estatuak ukan diru laguntzak ez dizkiolako enpresari banatzen (800 milioi euro 2009an).

2009ko uztailaren 29an, Christian Estrosi Industria ministroak esplikatu zion Ministroen Kontseiluari La Poste sozietate anonimo bihurtzearekin Frantziako Estatuak ez lukeela osoki eta bakarrik ordaindu beharko. Azken horrek, enpresa publikoa sozietate anonimo bilakaraziko zuen lege proiektua onartu zuen.

Haatik, ikusirik zerbitzu publiko horrentzat herritarrek daukaten atxikimendua eta horren atxikitzearenalde hainbat elkarte, alderdi eta sindikatu borrokatzeko prest direla, honako hau zehaztu zuen legegaian: «Kapital sozial osoa sektore publikoko pertsona moralen edo Estatuaren esku izango da». Beraz, 1,2 miliar euro jarriko ditu Estatuak, eta beste 1,5 miliar funts publiko eta pribatuak kudeatzen dituen Biltegi eta Konsigna Kutxak instituzio finantzario publikoak.

Pribatizazioaren itzala

Baina, nahi ala ez, erreformak pribatizazioaren itzala dakar berekin. Sarkozyk segurtatu hauxe zuen: «La Poste estatusaz aldatzen da, baina kapital publikoei bakarrik irekiko zaio», baina herritar askok zerbitzu publikoaren desagertzea sendi dute. Mesfidantza handia da. «Nola sinets dezakegu Pinotxo?», dio Gilmenek. Aurrekariak badira: 2004an, Sarkozyk hitza eman zuen GDFren pribatizatzera ez zela «iritsiko». Gaur egun, gas konpainia burtsan da, eta kapitalaren %35,6 bakarrik Estatuaren esku da. Berdin-berdina France Telecomentzat: hitzak hitz, kapitalaren %36,65 dago Estatuaren esku.

Proiektua aintzinatu arau, herritarren desadostasuna azkartuz joan da. Adibiderik argiena, urriaren 3an Ipar Euskal Herrian eta Frantzian antolaturiko herri kontsulta. 2,3 milioi herritarrek «Gobernuak Postaren estatusa aldatu nahi du, haren pribatizatzeko; proiektu horrekin ados zirea?» galderari erantzun zioten: %98k, ezezkoan.

Estatus aldaketa geldiarazteko asmoz, alderdi sozialistako eta komunistako parlamentariek Kontseilu Konstituzionalera jo zuten. Baina, otsailaren 14an, erakunde horrek estatus aldaketa onartu zuen.

Herritar, sindikatu eta oposizioak desengainu handia sentitu dute. «Gure hitza entzunarazi dugu, eta ez gara batere entzunak izan!», dio, haserre, Gilmenek.





Oposizioaren gainetik pasatu den aldaketa

LEGE PROIEKTUA

2009ko uztailaren 29a. Frantziako Ministroen Kontseiluak onartu zuen La Poste sozietate anonimo bilakaraziko lukeen lege proiektua.



HERRI KONTSULTA

2009ko urriaren 3a. La Posteren pribatizazioaren aurkako komiteak herri kontsulta antolatu zuen. 2,3 milioi lagunek hartu zuten parte bozketan, eta gehienek ezezkoa eman zioten «pribatizatzeko proiektuari».



SENATUAREN BOZKETA

2009ko abenduaren 23a. 182 alde, 150 aurka; La Posteren estatus aldaketa onartu zuten.

ASANBLEA NAZIONALA

2010eko urtarrilaren 12a. Asanblea Nazionalak ere aldeko botoa eman zuen. UMPk eta Zentristen Batasunak alde bozkatu zuten, eta PSk, PCFk eta berdeek aurka.



KONTSEILU KONSTITUZIONALERA

2010eko urtarrilaren 20a. Frantziako Kontseilu Konstituzionalera jo zuten PS eta PCFko diputatu eta senatariek, erreforma legezkoa den ikertzeko.



2010eko otsailaren 4a. Kontseilu Konstituzionalak La Posteren estatus aldaketa baieztatu zuen, eta azken traba kendu zion proiektuari.



Estatus aldaketaren aurkako mugimendu anitza eta zabala

Estatus aldaketa jakin bezain laster, sindikatu, elkarte eta alderdi politikoak elkartu eta Postaren Pribatizazioaren Aurkako Komitea osatu zuten. Orortara 60ez gora eragile sozial eta politiko. «Postaren zerbitzua herritar guztiena izanki», komiteak La Poste-n geroa erreferendumez erabakitzea eskatu zuen hasieratik. Kontsulta herrikoia antolatu eta urriaren 3an 2,3 milioi herritarrek parte hartu zuten, %98ek ez erantzunez. Milaka herritarrek Frantziako presidenteari idatzi zioten, emaitza horren kontutan hartzeko eta erreferenduma eskatzeko. Parlamentuan ere, Berdeek, alderdi sozialistak eta alderdi komunistak hasieratik erreforma blokeatzen saitu ziren, eztabaida luzeak sortuz.



387

2009ko etekina. Krisia eta internetaren konkurentziagatik gutun banaketa %6ez ahuldu bada ere, 387 milioi euroko etekina egin zuen iaz. Dauzkan beste aktibitaten garapenari esker (pakete banaketa eta bankua), baita kostu murrizketa politikari esker ere.



Azken urteotan baserri munduko posta bulegoak hesten ari dira, baina zerbitzu horren beharra beti hor da, batez ere egunero datorren postariaren bisitarena.

Postaria herritik doalarik, errentagarritasun bila

J. Berhokoirigoin. Baiona

Postaren bilakaeraz kezkaturik daude hainbat elkarte, alderdi, sindikatu eta herritar xume. Batez ere, baserri munduan. «Kostuen txikitzeko lasterketa guk jada pairatzen ari gara», dio Maulenpostari den Loic Gilmenek. Diru gehiago egiteko, posta bulegoak hesten ari dira, postari postuak gutxitzen ari dira... Hori dela eta, zerbitzu publikoaren babeserako komiteak sortzen ari dira han eta hemen; Maulen berean bi daude borrokan. Geroz eta lan gehiago ukanki.

2009an, orotara, 1.000 denbora osoko postu desagerrarazi ziren; 2010ean, beste 1.000 desagertuko dira. Maulen, adibidez, 2009ko uztailaz geroztik, bi gutun banatzaile gutxiago daude.

Estatua eta La Poste artean 2008-2012rako izenpetu kontratuaren arabera, zerbitzu publikoko lau misio dauzka betetzeko: sei egun zazpirengan, tarifa berean, postaria herritar guztien etxetik pasatzea; prentsaren banatzea denetan; eskuragarritasun bankarioa; eta postaren presentzia segurtatzea. Eta hori edonorentzat: bai baionarrentzat, bai urepeldarrentzat. Jakinik, 2005eko maiatzaren 20ko legeak dioela departamenduko biztanleen %90ek La Posteren kontaktua ukan behar dutela gutxienez bost kilometrotara eta autoz 20 minutuko ibilbidean.

Agentzia eta geldialdiak

Baina, Gilmenek dioenez, «hitzekin jolasten da gobernamendua». Hain zuzen, azken urteetan, geroz eta posta bulego gehiago udaleko posta agentziez ordezkaturik daude. Hau da, 937 euroren truke La Posteren misioak herriko etxeak ditu segurtatzen. Ustekabean, aldaketa andana bat ondorioztatuz: ordu gutxiagoz irekia da agentzia, herritar bat izanik lanean konfidentzialtasunik ez da, hainbat zerbitzu errefusaturik daude, beranta asko sendi da...

Horrez gain, Udaleko Geldialdi Postalak ere daude. Kasu horietan herriko komertzio batek du zerbitzu publikoaren misioa segurtatzen. Egoera hori askoz okerragoa dela dio Gimenek. Akatsak askoz handiagoak dira. «Herriko tabernaria edo saltzailea duzunean parean, konfidentzialtasuna eta laneko trebeziarik ez da». Jakinik gainera, komertzio hetsiz geroz, honekin batera posta dela desagertzen.

Postariak haserrez dio: «Bai, misioak segurtatuak dira..., baina ikusi behar da zein baldintzetan!». Poliki-poliki baserri munduko bulegoak agentziez eta geldialdiez ordezkatuak dira.

Errentagarritasun gosea ez da asetzekotan, ikusirik 2011n merkatua liberalizatuko dela eta orain arte zeukan monopolioa galduko duela La Postek. Gilmenek argi du: «Eromena izanen da». Liberalizatutako merkatu batean izanki, produktibitatea eta errentagarritasuna izanen dira helburu bakarrak. «Nork etorri nahiko du Zuberoara?»

«Ezagutzen dudan zahar eskolagabe bat egunkariari abonatuta da. Segurtatzeko bisita bat duela eta hiltzen bada norbaitek aurkituko duela», kontatu du Gilmenek.

Eguneko bisita bakarra

Baserri munduan postariaren paper soziala oso inportanta da: bizpahiru solasen trukaketa, agurño bat, kafetxo bat... hainbat herritarrentzat, bisita bakarra gelditzen da postariarena. Gaur egungo errentagarritasunerako lasterketa ikusirik, bisita desagertzekotan da. Adibidez, etxez etxe pasatu beharrean, geroz eta gutunontzi bateratu gehiago daude. Bospasei etxe egin beharrean, geldigune bat bakarrik ukaiteko.

Lotura sozialak ahultzen ari dira, eta hori ez du onartu nahi. «Herritarrak maite ditugulako eta maite gaituztelako egiten ditugu hamaika zerbitzu! Ez pagatuak garelako».

Bestalde, zirkulazioaren gutxitzeakonpentsatzeko, lehen ordainik ziren zerbitzu batzuk pagaraziak dira. Ondorioz, geroz eta gutxiago dauden postariei geroz eta lan gehiago gehitzen zaie. Orain arte natural zeuden solasaldiei denbora gutxiago utziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.