"Fagorren porrotak milaka lanpostu jarri ditu arriskuan", esan du LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek gaur, Donostian egindako manifestazio batean. "Enpleguaren defentsan eta negoziazio kolektiboaren alde" izan da LABek deitutako martxa, "lan harremanen eredu propioaren alde". Ehunka langunek erantzun diote sindikatuaren deiari, "lurraldeak bizi duen egoeraren aurrean". Etxaidek argi esan du LAB ez dela soilik "begirale" izango Fagor Etxetresnek eragingo duten domino efektuaren aurrean. "Ez dira galdutzat jo behar enplegu horiek", esan du, "erabaki politikoak hartu behar dira".
LABeko pankartekin batera, Grumal (Fagor Etxetresnen Azpeitiko filiala, konkurtsoan une hauetan), Azpetiko Corrugados (dagoeneko itxia) eta beste hainbat enpresetako pankartak tartekatu dira.
Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak iragarri duen bigarren lan erreforma "koska bat gorago" joatea dela esan du Etxaidek, lan harremanak "desarautzeko" eta "negoziaio kolektiboa suntsitzeko". Enplegua defendatzeko negoziazio kolektiboaren tresna "ezinbestekoa" dela ohartarazi du.
Gipuzkoan "gaitasuna eta oinarri soziala" ikusten du "erakundeen bestelako erantzuna" bultzatzeko, EH Blduren Foru gobernuari erreparatuz. Gipuzkoako Foru Aldundia gai ikusten du "ez bakarrik eztabaida eragiteko, baita akordioak sustatzeko ere".