Ekonomia

LAB joan egingo da Confebaskek deitutako bilerara, baina "langabezia eta prekaritatea salatzera"

Confebaskek Madrilgo itunaz hitz egiteko bilera batera deitu du uztailaren 3rako; LABen esanetan, "onartezina" da itun hori Euskal Herrira ekartzea: "Patronalari sekulako abantailak ekartzen dizkio, lan erreforman sakondu eta lan baldintza txarrak hedatzeko".

Ainhoa Etxaide eta Garbiñe Aranburu, LABek gaur emandako prentsaurrekoan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Arnaitz Lasarte.
2015eko ekainaren 25a
16:21
Entzun

Uztailaren 3an, Confebasken egoitzan izango da LAB, "barruan zein kanpoan". Baina han ez du negoziatuko Madrilen soldataren igoeraz sinatutako akordioaren inguruan. "Confebaskek oso ondo daki ezinezkoa dela akordio hori hona ekartzea". Hori dela eta, uztailaren 3a protesta eguna izango da sindikatuarentzat. "Langabezia eta prekaritatea salatzeko eguna", esan du Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak, Donostian egindako agerraldian. Garbiñe Aranburu Ekintza Sindikaleko idazkariarekin batera, Confebasken gonbitari buruzko iritzia eman du.

LABen arabera, "onartezina" da Madrilgo akordioa Euskal Herrian indarrean jarri nahi izatea. Izan ere, uste du patronalari "sekulako abantailak" ekartzen dizkiola "lan erreforman sakontzeko eta langileen prekaritatea hedatzeko". Aranburuk salatu duenez, uztailaren 3ko bileraren helburua ez da negoziazioa bultzatzea: "Esku batekin negoziazio mahaiak blokeatzen ditu, eta beste eskuarekin negoziatzeko borondatea erakutsi nahi dute".

Etxaidek adierazi du LABek ez duela lagunduko Madrilgo akordioa Euskal Herrira ekartzen. Are gehiago, ez du ulertzen, "Espainiaren egoera zein den ikusirik", Madrilera begira egotea: "Euskal Herriari begirako lan esparrua behar dugu". Alde horretatik, negoziazio kolektiboan sinesten dutela azaldu du Etxaidek: "Ez da egia negoziazio kolektiboaren aurka gaudela. Kontua da, batzuk edozein hitzarmen sinatzeko prest daudela, eta gu ezetz". LABentzat, akordio bat "baliagarria" da langabeziari eta prekaritateari aurre egiten badio.

LABen proposamena da lan harremanetarako euskal esparrua indartzea, eta gogorarazi du Eusko Jaurlaritzari proposamena egin ziola. "Desblokeorako" ezinbestekotzat jo du oinarri batzuk adostea: gehiengo sindikalak errespetatzea eta akordioen balioa ziurtatzea. "Ez da posible hitzarmenak nahi ditugula esatea eta gero enpresarien esku uztea akordio horiek beteko diren edo ez".

Sindikatuak iragarri du herrialdeetako mahaiak deituko dituela: "Mahai horietan erakutsi behar da borondatea, eta ez argazkietan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.