Arabako enpresetan dagoen prekaritatea "zentzu zabalean" salatu nahi du LAB sindikatuak datozen asteotan. Egoera "kezkagarria" irudikatu du Gotzon Kortazar LABeko Gasteizko arduradunak, eta SEA patronaletik egin den apustuari lotu dio. "Soldata murrizketak, zabor kontratuak, edo edozer egiteko prest egon behar duten langileak, kaleratuak izateko mehatxupean", kritikatu du.
LABen aburuz, enpresaburuen elkarteak ezarritako bide-orria ari dira betetzen administrazio publiko ezberdinak. Hala, Jarduera Ekonomikoen Zerga jaistea onartu zuen Gasteizko Udalak. Arabako Foru Aldundiak, berriz, "pulpitoa" eskaini zion Mercedeseko zuzendariari eta Michelini herrialdeko urrezko domina eman dio. Enpresa nagusietan prekaritatea zabaltzen ari dela uste du LABek, eta hori ez litzatekeela posible izango erakundeetatik ematen ari zaien babesik gabe. "Patronalari estaldura ematen ari zaio Gasteizko Udaletik, Arabako Aldunditik, eta Eusko Jaurlaritzatik, herritarren beharrizanen gainetik", Kortazarren hitzetan.
Iñigo Urkullu lehendakariak bezperan emandako hitzaldia ere salatu du LABek. Confebaskekin batera egindako agerraldian kargu hartu zien lehendakariak ELA eta LAB sindikatuei, zuzenean aipatu gabe. Urkulluren ustez, administrazioa eta patronala dira egoera hobetzeko lanean ari diren bakarrak, sindikatu horiek "errealitatetik kanpo" dauden bitartean. "Halako adierazpenak ezin dira onartu. Lanpostuetan dagoen prekaritatea ari da defendatzen Urkullu", sindikatuko arduradunaren ustez.
Gaurtik hasita kanpaina abiatuko du LABek. Prekaritateak hartzen dituen zortzi forma nagusiak definitu, eta herrialdeko enpresetan dagoen egoera irudikatzen ahaleginduko da. Malgutasuna, aldi baterako lanpostuak, aparteko orduak, diskriminazioa, soldata baxuak edo ezegonkortasuna daude horien artean. Lantoki bakoitzean egoera horiek identifikatzea, salatzea eta borrokatzea izango da sindikatuaren helburua. Maiatzaren Lehenerako bidean mobilizazio ezberdinak deituko ditu sindikatuak. Apirilaren 22ean, esaterako, borroka egunera deituko ditu lan gatazkak dituzten enpresak. Egun horretan SEAren eta EAJren egoitzak lotuko dituen manifestazioa antolatuko du.