Ordezkaritza ez ezik, LABeko kide kopuruak ere gora egin duela adierazi zuen Rafa Diez sindikatuko idazkari nagusiak. 1.831 afiliatu irabazi zituen joan den urtean. «%5,67ko gorakada izan dugu. 34.473 afiliatu genituen abendu bukaeran. VI. Biltzar Nagusiaren atarian gaude, eta ziur gaude biltzar hori iristerako (maiatzak 21 eta 22)35.000tik gora afiliatu izango ditugula. Azpimarratu behar da afiliazio kopuru horretan %13 30 urtetik beherakoak direla eta %31 baino gehiago emakumeak direla. Une honetan 10.000tik gora emakume daude LABen afiliatuta».
Diezen aburuz, «sindikatua afiliazio kopuruan ere aurrera doa eta gure ibilbidea gero eta sendoagoa dela nabarmentzen ari da. Joera hau etorkizunean mantenduko delakoan gaude».
Helburuak
Hiru dira LABek aurten izango dituen lehentasunak. Alde batetik, «negoziazio kolektiboan aldaketa sakon baten aldeko apostua egitea. Eduki eta dinamika sindikal berriak jarri behar dira mahai gainean, beti negoziazioen kalitatea bultzatuta. Horretarako elkarlana landu nahi dugu batik-bat ELArekin. Harremanetan gaude eta pentsatzen dugu aurki elkarlanerako akordio bat izango dugula».
Bestetik, ELArekin konpromiso soziopolitiko sakonagoak adosteko asmoa azaldu zuen LABeko idazkari nagusiak, «autodeterminazioa lortzeko bidean aurrera egiteko. Uste dugu gaurko egoeraren aurrean inoiz baino beharrezkoagoa dela». Azkenik, hirugarren helburua maiatzan antolatuko den VI. Biltzar Nagusia ondo garatzea eta lantzea da. «Prozesua jadanik martxan dago eta erabat gardena izatea nahi dugu», gaineratu zuen Diezek.
ORDEZKARITZA SINDIKALA
LABek 2003an 1.851 afiliatu irabazi ditu Euskal Herrian
Emakume eta gazte kopurua handitzen ari dela esan du Rafa Diezek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu