Alfa taldeak 47 langile kaleratu nahi ditu bere adarretako batean, Mecanica Mallabin. LABek eman du kaleratzeen berri, eta salatu du enpresaren «kudeaketa txarraren ondorio» direla.
Agiri baten bidez, LABek gogor kritikatu du Jon Ander Buenetxea Alfa taldeko zuzendari nagusiaren lana. Gogorarazi duenez, 2009an Espainiako 20 enpresaburu onenen artean sailkatu zuten Buenetxea, baina hiru urte geroago Alfa hartzekodunen konkurtsoan sartu zen. 2013an atera zen Alfa konkurtsotik, baina bidean ehun lanpostu baino gehiago galdu zituen, eta geratu ziren langileei soldatak jaitsi zizkien. «Oraindik ere, 2012ko soldaten zorrak ordaindu gabe jarraitzen dute», nabarmendu du LABek.
Konkurtsotik kanpo ere Alfa taldeak «lidergoa falta» duela eta «eraginkortasun eskasa» duela uste du sindikatu horrek. «Euskal Herriko enplegu suntsiketan parte hartzen dute deslokalizatuz eta enplegua Txina eta Errumaniara eramanez».
Kaleratzeak izan arren Alfa taldea kudeaketa onaren eredu gisa azaltzea deitoratu du LABek, eta gogorarazi du martxoaren 17an Adegiren topaketa batean azalduko direla, konkurtso legearekin eraldatu den enpresaren adibide moduan. «Zer esango dute enplegu gabe geratu diren langileek? Zer esango dute enpresa txiki eta ertainetako langileek enplegua galdu dutenean edo ez dutenean kobratu Alfak ordaindu ez dielako? Zer esango dute enpresa txiki eta ertaineko buruek Alfak sortu duen zorreko euro bakar bat ere ikusi ez badute, eta zazpi urte arte ikusiko ez badute, eta orduan %50 bakarrik?».
Alfaren politika eta Mecanica Mallabiko 47 kaleratzeak salatzeko, LAB mobilizatu egingo da langileekin batera.