Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialei "akordio nazionala" egitea proposatu die, Espainiako Gobernuaren neurri murriztaileei aurre egiteko asmoz.
LABek uste du Mariano Raxoi presidentearen exekutiboak "zentralizazioa" bilatzen duela neurriekin, eta hori "atzera egitea" dela deritzo sindikatuak. Gainera, Etxaidek esan du gobernuak "arlo publikoa desegin eta lan merkatua desarautu" egin nahi duela, "estatuari ahal den baliabide guztiak emateko, horiek gero finantza sistemaren zerbitzura jartzeko".
Balizko lan erreforma berria ere txarretsi du LABek, "ez baitu enplegua sortuko, eta bazterketa soziala eta prekarietatea handitu egingo dira".
Horri denari aurre egiteko Euskal Herriak nahikoa baliabide baduela iritzi dio LABek, eta horregatik egin behar dela akordio global eta nazional bat.