Lotu borrokari leloa aukeratu du LABek aurtengo Maiatzaren Lehenerako. Ez da manifestazio nagusirik izango; eskualde mailan egingo ditu protestak, guztira 17. Hiru ardatz izango dituzte: enplegua, babes soziala eta zerbitzu publikoak, «ezinbesteko hiru gai horien gainean eraiki behar direlako herritarrek eskatzen dituzten konponbideak».
Ainhoa Etxaide idazkari nagusiaren esanetan, azken hiru urteetan gertatutakoa ikusita, gauza bat argi dute langileek. «Ez dugu sinesten hauek direnik egin daitezkeen politika bakarrak eta ez dugu sinesten politika hauek krisitik aterako gaituztenik». Murrizketak gobernuen hautu politikoa direla zehaztu du, adibide bat emanez. «Aste honetan osasunean eta hezkuntzan iragarritako murrizketekin 10.000 milioi aurreztu nahi ditu Espainiako Gobernuak. AHTaren kostua 9.000 milioi eurokoa da Hego Euskal Herrian. Politikariek erabakitzen dute non gastatu».
Espainian hartutako erabakiak Euskal Herrian aplikatzea «suizidio politiko, ekonomiko eta soziala» da Etxaideren iritziz. Politikoa, neurrien atzean «estatua neutralizatzeko erabakia» dagoelako; ekonomikoa, garapen eredu propio batekin krisia gainditzeko aukerari uko egiten zaiolako; eta soziala, erakundeek ez diotelako kasurik egingo herritarren gehiengoak erakutsitako borondateari.
«Burujabetza ariketa bat» eskatu du Etxaidek. «Orain da garaia Euskal Herriak behar dituen ekimen berriak hartzeko, akordio politiko berriak eraikitzen hasteko eta oinarri-oinarrizko kontsentsu politiko bat eraikitzeko». Akordio horretara iritsi ostean, eremu bakoitzak eztabaida egin behar duela dio, irtenbide propio hori eraikitzeko egingo duenari buruz.
Iaz, sindikatu abertzaleek elkarrekin ospatu zuten Maiatzaren Lehena. Aurten, ordea, bakoitza bere aldetik aterako da kalera. Etxaidek berak aipatutako kontsentsu horren harira, ELArekin ahaleginik egingo duten galdetuta, baietz erantzun du. «Ahaleginak egiten ari gara, eta zalantzarik gabe, egin beharko ditugu. Iruditzen zaigu hor dagoela bide zuzena».
Martxoaren 29ko grebaren arrakasta ere sindikatuek bat egin izanak eragin zuela uste du. «Greba orokorrak eman beharreko emaitzetako bat batasun sindikalaren ingurukoa da. Elkarlanaren inguruko gogoeta sakondu behar dugu, eta kalera atera zen gehiengo horrek eskatzen dituen akordio sindikalak eraiki.
Protestak murrizketen aurka
Maiatzaren Lehena baino lehen beste protesta bat ere egingo dute CCOOk eta UGTk. Apirilaren 29an izango da, Espainiako Gobernuak osasunean eta hezkuntzan iragarritako murrizketen aurka. «Alarma egoera sortu du eta herritarrak adorerik gabe utzi», azaldu du Candido Mendez UGTko idazkari nagusiak. Murrizketa neurrien bidez, ez dela ezer lortuko dio: «Hala erakusten dute burtsaren eta arrisku sariaren bilakaerek».
LABek eskualdeka egingo ditu Maiatzaren Leheneko protestak
Espainiak hartutako neurriak Euskal Herrian aplikatzea «suizidio politiko, ekonomiko eta soziala» dela esan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu