LABek ez du itunik negoziatuko greba pasatu arte

Martxoaren 29a pasatakoan itzuliko da negoziazio mahaietara, «itunak blindatzeko proposamenak egitera»

Miren Garate.
Donostia
2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak onartutako lan erreformaren harira, LABek beharrezko ikusten du «etengabeko gatazka fase» bati ekitea. Hala, greba orokorra pasa arte —martxoaren 29an da—, ez du parte hartuko herrialde mailako negoziazio mahaietan, «negoziazio kolektiborako eskubiderik gabe utzi gaituzela irudikatzeko». Greba ondoren itzuliko da mahaietara. «Baina ez orain arte egiten genuena egiteko, erabat blokeatuta dagoen negoziazio eredu bati segida emateko».

Garbiñe Aranburu sindikatuko negoziazio kolektiborako arduradunak eman ditu azalpenak. Haren esanetan, greba ondoren, negoziazio kolektiborako eredu propioa eraikitzeko proposamen berriak egingo ditu LABek negoziazio mahaietan. «Estatuko negoziazioen eta enpresetakoen aurrean gure hitzarmenak blindatzeko eskatuko dugu, proposamenak eginez». Halaber, itunetako edukiak ez aplikatzeko klausulak mugatzeko eta «patronalari ematen zaion aldebakartasuna» kentzeko eskatuko du. Gainerako sindikatuekin ere partekatuko dituzte planteamendu horiek.

Greba iritsi arteko egunak gogoetarako tartea izatea nahi du sindikatuak. «Barneratu behar dugu aurreko negoziazio aldia amaitu dela, eta eredu berri bat eraiki behar dugula orain». Halaber, patronalari erakutsi nahi dio langileak ez daudela prest uko egiteko hainbeste urtetako borrokarekin lortutakoari.

Espainia markak, «kalte»

Aranburuk gogoratu du Espainiarekin konparatuta beste errealitate sozioekonomiko eta sindikal bat dagoela Euskal Herrian. «Momentu honetan, Espainia markak kalte egiten dio gure ekonomiari, eta han hartzen diren neurri guztiak hona ekarriz gero, motzean hango errealitatea izango dugu hemen ere; besteak beste, langabezia tasari dagokionez».

Lan erreforma langileen aurka inoiz egin den «erasorik larriena» dela gaineratu du Asier Imaz industria federazioko idazkariak. «Gobernuak berak ere onartu du ez du duela enplegurik sortuko, baina soldatak eta lan baldintzak okertu egingo dira». Era berean, erabakiak «inposatzeko» aukera ematen diola patronalari azaldu du. «Etsiarazi egin nahi gaituzte langileok, gero gu mendean hartzeko. Gure esku dago halakorik egiten ez uztea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.