Negoziazio kolektiboa «salbatzeko» CCOOk egindako proposamenak lehen erantzuna jaso du, eta ez da izan Unai Sordoren sindikatuak nahi zuena. LABek ezezko borobila eman dio, haren iritziz, CCOOk «patronalaren neurriko akordioak» eskaini dituelako, sindikatuen helburuetan «amore ematea». Herenegungo aurkezpenean, Sordok espreski deitu zion LABi bere proposamena aintzat hartzera, ELAren ezezkoa aldez aurretik bazuelako.
LABek gogorarazi duenez, CCOOk eskaini duen sektore arteko hitzarmena lortzeko bi saio egin dira aurretik, eta porrot egin dute, «Confebasken nagusikeriagatik». Bere ezezkoa jaso arren, CCOO eta UGT prest daude «gutxiengo sindikalaren bidez patronalari hainbeste behar duen bake soziala emateko».