Lan harremanak

LABek grebara deitu nahi du euskal esparruaren defentsan

Lanbide arteko esparru akordioaren inpugnazioari erantzun sendoa ematea proposatuko die beste eragileei, salaketak epategietan egin dezakeen bidea alde batera utzita.

Garbiñe Aranburu, LABeko idazkari nagusia. MARISOL RAMIREZ / FOKU
xabier martin
2018ko apirilaren 6a
09:49
Entzun

Lan harremanen euskal esparruari "155. artikulua ezartzeko beste modu bat da" Espainiako errestaurazioaren patronalak sektore arteko esparru akordioari jarritako salaketa epaitegian, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiaren arabera. Esparru hori babesteko, hau da, euskal eragileek negoziazio kolektiboak negoziatzeko eta adosteko duten ahalmena babesteko, grebara deitzea proposatuko die beste eragileei, datorren astean. Sektore arteko lanuztea litzateke, ez bakarrik estatalizazioa pairatzen ari diren enpresetara eta sektoretara mugatua; alegia, greba orokor baten izaera lukeen mobilizazioa egiteko aukera mahairatu du sindikatu abertzaleak, betiere beste eragileen erantzunaren zain. Izan ere, LABek ELA nahiko luke bidaide lanuztera deitzeko, eta ikusteko dago Adolfo Muñoz idazkari nagusi duen sindikatuaren ikuspuntua zein den.

Edonola ere, PP salbuetsita, beste sindikatu eta alderdi politiko guztiekin elkartuko da LAB, "egoeraren larritasuna" azaltzeko. Espainiako FEADRS patronalak euskal sindikatu guztiek eta Confebaskek 2017ko urtarrilean sinatutako lanbide arteko esparru akordioa salatu du epaitegietan, ostalaritzaren esparru akordioa ere inpugnatu ondoren. Bata zein bestea oztopo dira Espainian aritzen diren janari enpresek Espainiako ituna aplikatu ahal izateko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Finean, langileei soldata txikiagoak ordaintzeko eta lanaldi luzeagoak ezartzeko ekinbide juridikoak dira.

Defentsa bateratua?

Lanbide arteko esparru akordioaren sinatzaileek datorren astean egingo dute bilera, eta epaitegietan itunaren defentsa bateratua egingo ote duten jakingo da. Baina epaitegiei itxaron gabe —apirilaren 24an da epaiketa— LABek "erantzun zabala eta sendoa" eman nahi dio "euskal langileei negoziatzea eta adostea ukatzen dien estatalizazioaren erasoari". Horregatik mahairatu du greba orokor baten aukera, nahiz eta Aranburuk onartu duen beste eragileen erantzunaren arabera, proposamena hori "modulatu" dezakeela LABek.

Sindikatu abertzaleko idazkari nagusiak ELArekin batera iazko irailean plazaratutako manifestuari errapatu dio. Idatzi horretan euskal esparruaren defentsarekiko konpromiso argia dagoela esplikatu du, eta inoiz baino argiagoa dela defentsa hori egiteko beharra. Confebask bera "negoziazio kolektiboa blokeatzen" ikusten du LABek, eta CCOO eta UGT "oso deseroso", Madrilen estatalizazioa bultzatzen ari direlako, "nahiz eta hemen sektore artekoa babestu". Horregatik, batik bat ELAri erreparatu dio Aranburuk, sindikatu abertzale biek euskal esparruaren defentsa egin dezaten mobilizazioen bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.