«Ez gaitezen engaina, krisia konfrontazioaren bidetik ere kudeatu daiteke». Hala esan zien Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak Donostiako Atano pilotalekuan bildu ziren ehunka delegatuei. Indarrak batu eta aldaketa sozialak ekarriko dituen agertokiaren alde egiteko eskatu zien, horretarako antolakuntza, mobilizazioa eta langile borroka aldarrikatuta.
Urtero egin ohi duen delegatuen biltzar nazionala egin zuen atzo LABek. Iparraldeko hauteskunde sindikaletan izandako «emaitza onak» gogoratuz hasi zuten ekitaldia. Lau hautetsi lortu ditu sindikatuak Lan Auzitegian, eta Atanon bildu ziren delegatuek zutik eta txaloz hartu zituzten Iparraldeko ordezkariak.
Baina, atzokogai nagusia beste bat izan zen. Euren krisia, euren kontura leloa jarri zioten biltzarrari, eta krisia izan zuten ardatz bai Etxaidek eta bai Jabi Garnika idazkariordeak beren hitzaldietan.
Etxaidek langileen etorkizuna beltza dela esan zuen, etalau arrazoi aipatu zituen hori argudiatzeko: «Krisia, krisia beren mesederako baliatu nahi dutenak, interes horiek zaintzea beste helbururik ez duten administrazioak eta aldaketarako aukerarik ematen ez duten markoak». Horiei aurre egiteko ezinbestekotzat jo zuen Euskal Herriak boterea eta erabakitzeko eskubidea berreskuratzea.
Garnikak arduradun politikoen «segidismoa» eta haiek aurkeztutako «planteamendu antzuak» salatu zituen. Hurrengo hilabeteetan sindikatuaren jarduerak bi ardatz nagusi izango dituela gaineratu zuen. Batetik, negoziazio kolektiboen alde lan egingo dute; eta, bestetik, krisiaren kudeaketa eta hari eman beharreko erantzuna landuko dute.
Biltzarraren ondoren manifestazio bat egitekoa ziren LABeko kideak, baina bertan behera utzi zuten «Inazio Uriaren eta bere senideen sentsibilizazio eta errespetu adierazpen modura».
LABek krisiari aurre egiteko konfrontazio dinamikari eusteko eskatu die langileei
Indarrak batu eta aldaketak ekarriko dituen agertokiaren alde egin behar dela esan du Etxaidek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu