LABek uste du zerga politikak erdigunean jartzea dela "premia handieneko" lehentasunetako bat, errenta eta aberastasuna hobeto banatzeko. Ohartarazi du ekonomia hazkundeko urteetan pilatutako "ezberdintasun sozialak" larriagotu egin direla krisialdian, eta
beharrezkoak direla esku hartze publiko irmoak: "Egungo zerga sistema ez da eraginkorra, eta atzerakoia da". Zerga politika, justizia sozialaren zerbitzura txostena aurkeztu du eguerdian LABek. Agerraldian parte hartu dute Bea Martxueta LABeko Politika Sozialetako idazkariak eta Rafa Izquierdo LABeko ekonomialariak. Besteak beste, azaldu dute zerga iruzurraren aurkako borroka indartu behar dela. "Diru bilketaren handitzea ez daiteke langileriari zergak areagotzean oinarritu; jadanik neurriz gaineko ahalegina jasaten du, PFEZarekin eta BEZarekin".Egungo zerga sistemari hiru gabezia nagusi ikusten dizkiote: behar beste diru ez duela biltzen, atzeraldietan ahultasun "handiegia" duela eta zerga ahaleginen banaketa bidegabea dela. Behar beste diru ez dela biltzen azaltzeko zerga presioari buruzko adierazlean oinarritu da LAB. Ratio horrek adierazten du lurralde jakin batean zerga bidez lortu diren diru sarreren proportzioa zenbatekoa den, haren ekonomiak sortutako aberastasunarekin alderatuta (BPG). Bada, 2013. urtean BPGaren %29an kokatu zen Hego Euskal Herrian. Europako Batasuneko batez besteko zerga presioa baino hamar puntu beherago. Krisialdia hasi zenetik, gainera, behera egin du zerga presioak, bi puntu inguru 2007tik.
LABen arabera, bilketan galerak egon izana ezin zaio egotzi atzeraldiari soilik, zenbait erabaki "oker" hartu direla uste baitu. 2008. urtean ondarearen gaineko zerga kendu izana aipatu du, adibidez. Beste zenbait politika ere ez zaizkio egokiak iruditzen: "Zeharkako zergen garrantzia gero eta handiagoa da". Nabarmendu du pertsona orori berdin ezartzen zaizkiola zerga mota horiek, edozein egoera ekonomiko dutela ere: "Zergadun bakoitzaren zerga zamak progresiboki handitu behar lirateke, gehiago daukanak gehiago ordain dezan".
Horren haritik, lehentasunezko jo du zerga iruzurraren aurkako borrokak indartzea: "Bi helburu beteko genituzke: eskuragarri dauden baliabide publikoak handitzea eta zerga sistemaren ekitatea hobetzea".