Astebete pasatu da Gipuzkoako metalgintzako langileek greba egin zutenetik. Negoziazio mahaian, ordea, ez da mugimendurik nabari. LABek "egoera desblokea dezakeen" proposamen bat egingo duela iragarri du. Mobilizazioekin du zerikusia planteatuko duenak. Ekainaren 6an aurkeztuko du, sindikatuko delegatuekin batzartu ostean.
ELAk ere iragarri zuen joan den astean sektorean mobilizazio gehiago egingo zituela. Besteak beste, ekainaren 17tik 21era arteko grebara deitu zuen. Ez Gipuzkoan bakarrik, baita Araban eta Bizkaian ere. Gainerako sindikatuei ekinbidearekin bat egiteko eskatu zien, LABi erreferentzia zuzena eginez. Jon Ander Goñi metalgintzako arduradunak azaldu duenez, LAB prest dago hitz egiteko, baina "argi eta garbi" herrialde mailako hitzarmenaren alde egiten bada bakarrik. ELAk deialditik kanpo utzi zituen itunak sinatuak edo sinatzear dituzten enpresetako langileak. Metalgintzan hiru mila enpresa baino gehiago daudela dio LABek, eta horietatik 60tan bakarrik dutela hitzarmena. Galdetu du zer gertatuko den beste enpresa horietan guztietan.
Adegiri, berriz, "barrura begiratzeko" agindu dio sindikatuak. Haren esanetan, joan den astean langileek argi erakutsi zuten herrialde mailako hitzarmena nahi dutela. Denak haren alde egonez gero, lehentasuna itun horrek izan behar luke LABentzat.