Atzerako kontua martxan dago 500.000 euskal langilerentzat. 2013ko uztailean iraungiko zaie dagokien lan ituna, eta euren lan baldintzak okerrera egiteko arriskua dago, Espainiako lan erreformak nabarmen txikitu baitu negoziazio kolektiboetarako aukera. LABeko ekintza sindikaleko arduradun Garbiñe Aranburuk ohartarazi du «borrokatu» ezean egoera oso bestelakoa izan daitekeela langile horientzat datorren udan. «Benetako irtenbide bat» emateko, iniziatiba berri bi iragarri ditu: lan erreformaren aurkako borroka lantokietan, eta erakunde eta alderdi politikoei inplikazioa exijitzea.
Azken bi lan erreformen ondorioz, «alarma gorrian» dago negoziazio kolektiboa Euskal Herrian. LABen ustez, bi izan dira erreforma horien helburuak: negoziazioa Madrilen zentralizatzea eta patronalak nahi duenean eta nahierara aldatzeko boterea izatea. «Jokoan dago milaka euskal langile bere esparruan negoziatzeko eskubide barik geratzea eta milaka euskal langileren lan baldintzak izugarri okertzea».LABek ohartarazi duenez, lan itunak berritu ezean, milioi erdi langile zuzenean estatu mailako itunera pasatuko dira, edo, baliokiderik ezean, langile estatutura; «horrek dakarren soldata jaitsiera, lanordu igoera eta eskubide galera orokorrarekin».
Negoziazio marko propioa eraiki eta euskal esparrua blindatzeko xedearekin, lan erreformaren kontrako borrokari ekingo dio LABek lantokietan abendura bitartetan. Batetik, lan itun barik geratzeak ekarriko dituen «kalte zuzen eta berehalakoak» azalduko dizkio langileei; bestetik, gainontzeko sindikatuekin elkarlana bilatu eta enpresei mahai gainean mozioak jarri nahi dizkie. «Enpresek ikusi beharko dute langileekin akordioetara heldu nahi duten edo, langileen proposamena alboraturik, gatazka nahiago duten».
Era berean, negoziazio kolektiboen gaineko auzian, erantzukizunez jokatzea exijituko die LABek instituzio eta alderdi politikoei, kargu hartzeko eskatuz. Bi eskari egingo dizkio bereziki bozen osteko Eusko Jaurlaritzari: batetik, «enplegatzaile diren neurrian murrizketak ez aplikatzeko, euren esparruan Madrilen menpe izango ez den negoziazio kolektiboa egin dezaten, eta itunik aldebakarrez alda ez dezaten»; bestetik, «negoziazio kolektiboa blindatu eta marko propioaren aldeko erabakiak har ditzaten».
Abusuzko lanaldiak Bilbon
ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñoz ere lan erreformaren ondorioen beldur da, «izugarriak» izan daitezkeelakoan. Negoziazio kolektiboari buruzko batzarra egin zuen atzo sindikatuak Bilboko Campos antzokian, eta han bildutako milatik gora ordezkariek manifestazioa egin zuten gero.
San Mames Barria futbol zelaia eraikitzen ari diren tokian amaitu zen manifestazioa, bertan eraikuntzako ehunen bat behargin «esplotatzen» ari direla salatzeko. ELAren arabera, abusuzko lanaldiak dituzte —10-12 ordu egunero, zapatuak barne—, eta soldatak Bizkaiko eraikuntzako itunean jasotakoak baino askoz txikiagoak dira: orduko 7,50 euro (aparteko lansariak eta oporrak barne).
Espainiako lan erreformak negoziazio kolektiboari eragin dion kalteari dagokionez, Muñozek salatu du patronala «pozarren» dagoela «oihaneko legera» itzultzearekin, eta gaineratu du «guk horretara behartu ezean» ez diela uko egingo legeak eskaintzen dizkion tresnei. Muñozen arabera, lan erreforma patronalaren neurrira egin dute, «soldatak jaitsi eta jarduera sindikaleko tresnei eta ahalmenari eraso egiteko».
Botere politikoari auzi soziala lehentasuntzat ez aitortzea egotzi dio ELAko buruak; haren esanetan, sindikatuak «bigarren mailako zerbait» dira botere politikoarentzat, «haien interesen menpe egon behar dena». Egoerari erantzuteko modua sindikalizazioa da, Muñozen ustez, baina arrakasta lortzea ez dela erraza izango aitortu du, «langabezia tasa handiak beldurra eta zalantzak eragiten dizkiolako langile klaseari».
LABek ohartarazi du milioi erdi lagun lan itun barik gera daitezkeela
Lan erreformaren kontrako borroka lantokietara eramango du LABek, eta alderdi politikoen inplikazioa exijituko duELAren ustez, patronala «pozarren» dago «oihaneko legera» itzultzearekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu