Zerga politika

LABek proposatu du errenta zerga berritzea eta aberastasunaren zerga sortzea

Confebasken proposamena «mugimendu taktiko» bat dela ziurtatu du Garbiñe Aranburuk.

Garbiñe Aranburu, apirilean egindako agerraldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko maiatzaren 11
11:38
Entzun

Zerga sistema berritzeko proposamen bat helarazi die LABek Nafarroako Gobernuari eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiei. Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak agerraldi telematikoan azaldu duenez, zergetan diru gehiago bildu beharko da hurrengo urteetan, koronabirusaren krisiak gastu publikoa handitzea eragingo baitu.

LABek hiru arazo ikusten dizkie oraingo zerga sistemei. Batetik, diru gutxi biltzen dutela; haren datuen arabera, Europako Batasunean %39,2 da zerga presioa —zergek BPGan duen pisua—, eta Hego Euskal Herrian %30,9ra baizik ez da heltzen.

Bigarrenik, «langileen bizkar» dago zerga presioa, errenta zergan eta BEZan oinarritzen baita. 

Azkenik, zerga iruzur eta zerga ihes handia dagoela salatu du.

Hori ikusita, lau ardatz dituen proposamen bat aurkeztu du Aranburuk. Lehenik eskatu du aberastasunaren gaineko zerga bat sortzeko, gaur egungo ondare zerga oso eskasa dela uste duelako.

Bigarrenik, PFEZ errenta zerga «berriz diseinatu» behar dela uste du, «azken urteetan galdu duen progresibitatea berreskuratzeko».  Aranburuk gogorarazi duenez, 2007ko erreformaren ondoren zerga tasa desberdinak dituzte lanaren eta kapitalaren errentek, azken horien mesedetan. Gehien irabazten dutenek gehiago ordaintzeko eskatu du LABeko buruak.

Sozietate zerga ere aldatu nahi du sindikatuak, tasak igota eta gaur egun enpresek baliatzen dituzten zerga kenkariak gutxituta. 

Azkenik, zerga iruzurraren eta paradisu fiskalen aurkako borroka areagotzeko eskatu du.

Confebasken proposamen «tranpatia»

LAB ez da zerga sistema aldatzea proposatu duen lehena. Joan den ostiralean, Confebaskek proposatu zuen sozietate eta errenta zergak igotzea, Eusko Jaurlaritzak hartu beharko duen zorra ordaintzeko. Proposamenaren xehetasunak falta zaizkion arren, Aranburuk ziurtatu du «tranpatia» dela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresaburuen elkarte nagusiak plazaratutakoa.

Batetik, denbora mugatu baterako zerga igoera da, «eta sistemaren egiturazko aldaketa behar dugu». Bestetik, LABek ez du ahaztu «EAJ-Confebask bikoteak zer jarrera izan duen krisian, enpresa handien interesen mesedetan, eta pertsonen bizitza erdigunean jarri gabe». Horregatik, patronalarena «mugimendu taktiko bat» iruditu zaio Aranbururi. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.