Negoziazio kolektiboa

LABek sektore mailako hitzarmenak "enpresan eta enpresatik" defendatuko ditu

Patronalaren jarrera salatu du Etxaidek: “Lan gehiago soldata beraren truke egitearekin, lanpostuak suntsitzen ditu”

Lander Muñagorri Garmendia.
2013ko urriaren 11
15:39
Entzun

Negoziazio kolektiboa “suntsitu” ondoren, legea enpresarien esku geratu dela esan du LABek. Horretarako, azken hilabeteetan sustatu duten gatazkaren bideari jarraipena ematean beharrezkoa dela uste du sindikatuak. Baina estrategia aldatu egingo dute. Orain arte maila sektorial eta intersektorialeko hitzarmenak lortzeko bidea urratu dute, eta horri muzinik egin gabe, enpresa mailakoaren alde “desorekatuko” da LAB. Sektore mailako hitzarmenen eztabaida enpresara eramango dute, “sektoreko hitzarmenak enpresan eta enpresatik defendatzeko”, Ainhoa Etxaide idazkari nagusiaren esanetan. Horretarako, gainerako sindikatuekin aliantzak bilatzen saiatuko direla ere aurreratu du. Negoziazio kolektiboa mugatzen zuen lan erreforma aurkeztu zenean enpresa mailako gatazkaren alde egin zuen ELAk, LABek hitzarmen sektorial eta intersektorialei lehentasuna eman zien bitartean. Gerturatze pausu bat bezala ulertu daiteke, baina Etxaidek argi esan du: “Saiatuko gara adostasunak topatzen, baina enpresetan lau sindikatuak daude. Hor ELA topatu nahi dugu, baina baita gainerako sindikatuak ere”.

Uztailaren 7an lan erreforma indarrean jarri zenetik, hitzarmenik gabe dauden enpresek gora egin dute, eta une honetan EAEko langileen %38 egoera horretan dago. Hala ere, okerrera egin dezake, urte amaierarako %50eraino igo ahal izango delako kopurua. Horregatik, langileei dei egin die euren hitzarmenen alde borrokatzeko. Baina baita enpresariei ere: “Euretako askok ez du ikusten egoeraren irtenbidea patronalak duen jarreran”. Energia erreformak enpresei ekarriko dien gainkarga edo Espainia markaren pisua jarri ditu adibidetzat Etxaidek. Horregatik, Euskal Herri mailako lan erreforma bat egitea proposatu du sindikatuak. Hori bideratzeko gehiengo sozialari begiratu dio, eta baita politikariei ere. “Confebaski babesa ematean ez da irtenbiderik topatuko”. Horregatik, beste aldera begiratu beharrean, jarrera argia hartzeko eskaera egin dute sindikatutik.

Honekin guztiarekin LABek enplegua defendatu nahi duela gogorarazi du. “Ez da nahikoa hitzarmenak dauden egoeran mantentzearekin, enplegu duina bermatu behar da”. Hau da, enplegua defendatzeaz gain berria sortu behar dela gogorarazi du Etxaidek. “Horregatik edozein hitzarmenek ez du balio”. Izan ere, une honetan Europan dauden behartsuen %10a langileak direla esan du. “Baldintza negargarrietan egiten dute lan”. Beraz, patronalak proposatzen duen jarrera salatu du, “geroz eta lan gehiago soldata berdinaren truke egiteak lanpostuak suntsitu” egiten duelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.