LABeko 21 kide inputatu ditu epaitegi batek

Orain zazpi hilabete Iberdrola dorrearen atarian egindako protesta batengatik salatu dituzte

Erredakzioa
Bilbo
2012ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Aurtengo martxoaren 22an Iberdrolaren azpikontrata Konectako kaleratzeak salatzeko protesta ekitaldi batean parte hartu zuten LABeko hainbat kidek. Iberdroladorrearen atarian, Bilbon, bilera bat eskatzeko helburuarekin eserialdia egin zuten. Protesta horrek ondorio larriak izan ditu haietako 21 ekintzaileentzat. Iberdrolak salatu, eta epaile batek inputatu egin ditu gero. Epaiketa astelehen honetan egingo dute.

Eserialdiaren eskaerari jaramonik egin ez, eta Iberdrolako arduradunek Ertzaintzari deitu zioten protestaren egunean. Ekintzaile guztiak handik kanporatu, eta haien kontrako salaketa jarri zuen Iberdrolak ostean. Desordena publikoa leporatzen diete, «ekintza baketsua egin zen arren».

«Joko zikina»

LAB sindikatuak Iberdrolaren jarrera gogor salatu du ohar baten bidez. «Haren joko zikina salatzeko egiten diren ekintzak kriminalizatu nahi ditu, enpresaren interesen kontra doan edozein protesta isilarazteko». Hamar eta 60 egun arteko isunak jaso ditzakete 21 inputatuek, eguneko 10etik 30era euro bitartean; guztira 37.800 euro ordaintzako zigorra jaso dezakete LABeko kideek.

Iberdrola «esplotatzaileen txapeldunetako bat» da, sindikatuaren ustez. «Horrelako portaerak» salatzen jarraituko dutela ere garbi diote LABeko kideek. «Esplotatuak izaten ari direnekin elkartasuna adierazteagatik auzipetu izanak erakusten du kapitatalaren diktaduran bizi garela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.