Gaur da urtebete ELA eta LABek aldaketa soziala bideratzeko prozesu subiranista abiatzeko adierazpena aurkeztu zutenetik, eta, urteurren horrekin bat eginez, LABek agerraldia egin du datorren ikasturteari begira zein gidalerro izango dituen azaltzeko. Urteurrena, ordea, biziki gogoan izan du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak: “Akordio horretan sakontzea bi sindikatuen esku dago, eta horretarako nahikoa autonomia daukagu”. Hala ere, haren arabera, adostutako konpromisoetan aurrerapausoak emateari uko egin dio ELAk. Horretarako, pilota LABen teilatu gainean jarri izan du ELAk, greba askotan ez daudela adieraziz, eta autonomia politiko nahikoa ez azalduz. “Argi erakutsi dugu gatazketan bagaudela”, Aranbururen arabera, eta hori arrazoitzeko datuak eman ditu: 120 gatazkatan parte hartu zuten joan den ikasturtean, eta horietatik 64tan grebara jo du sindikatu abertzaleak.
Argudio horiek mahai gainean jarrita, berriz ere akordioaren beharra aldarrikatu du LABeko arduradunak, “baina une honetan ez dago baldintzarik”. Abiatzear den ikasturtean, hauteskunde sindikalak egingo dira Hego Euskal Herriko enpresa askotan, eta, horiek igaro ostean, “aukerarik ote dagoen ikusi beharko da”.
Hauteskunde horietara helburu jakin batekin iritsiko da LAB: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bigarren sindikatu gisa finkatu, eta CCOOrekiko aldea handitzea, eta Nafarroan ordezkarien %16 lortzea. Hego Euskal Herriari begiratuz gero, bestalde, bigarren postuan egonkortu nahi du.