Ekonomia

LABi hauteskundeetara aurkezteko eskubidea aitortu diote eragile sindikal, politiko eta sozialek

Askatasun sindikala aldarrikatzeko agerraldi jendetsua egin dute Baionako Lan Burtsan. 70 pertsona elkartu dira LAB sindikatuari babesa erakustera, enpresa txikietako hauteskundeetarako CGTk haren kontra jarritako errekurtsoaren aitzinean.

jarraia126574.jpg
Ekhi Erremundegi Beloki.
2016ko irailaren 10a
18:30
Entzun

Solidaires eta CNT sindikatuek, ospitaleko eta administrazioko langileen CGTren adarrek eta EELV, EHBai eta NPA alderdiek, Aitzina-k, Euskal Konfederazioak, Bizik eta EHLGk eman diote atxikimendua.

"Euskaldunak ez diren langileak diskriminatzea" leporatzen dio CGTk sindikatu abertzaleari; besteak beste, euskara lehenestea eta "Euskal Herri aske baten aldeko lan politikoa" eramatea. Agorrilaren 4an LAB bozetatik kanpo uztea erabaki zuen Bordeleko auzitegiak. Parisko Kasazio Auzitegiak emanen du azken erantzuna, ondoko asteetan.

"Auzi honek milaka langileri beren hautuko sindikatuarentzat bozkatzea debekatzen die", salatu du Heren Muruaga LABeko ordezkariak. "Biziki larria da, borroka sindikala mugatzen du, eta, gainera, argumentu okaztagarriekin", deitoratu du Nara Cladera Solidaires sindikatuko Frantziako idazkaritzako kideak. 1906an CGTk onartu zuen Amiens-eko hitzarmena hausten duela salatu zuen —langileen defentsaz gain, sindikatuen lana gizartearen eraldaketa ere badela onartu zuten bertan—.

Gatazkak CGTren barnean

Haserre dira CGTko Baionako batzordeko kideak. Behin eta berriz salatu dute Parisen hartu zutela errekurtsoa emateko erabakia, Ipar Euskal Herriko kideak abisatu ere egin gabe. Joan den astean, errekurtsoaren kontrako mozio bat izenpetu zuten, sindikatuko kideen %90en babesarekin. Urriaren 6an, departamendu mailara eramanen dute afera, LABen kontrako blokeoa amaitutzat emateko esperantzarekin.

Irailaren 2an, CGTko Parisko arduradun bat etorri behar izan zen Baionara, hemengo kideek eskatuta azalpenak ematera. "Euskaraz egin nion harrera, erranez ez zela ongi etorria", adierazi zuen Jano Lastiri ospitaleko CGTko kideak. "CGTren barnean ere badira euskaldunak, eta badira abertzaleak”. Irailaren 15eko greba egunean LABen pankarta atzean joanen direla iragarri zuen.

Anartean, lan sindikalarekin segitzeko engaiamendua erakutsi du LABeko Eñaut Aramendik. "Ondoko asteetan gure hauteskunde programa eta Ipar Euskal Herrirako dugun proiektua aurkeztuko ditugu". Kasazio auzitegiak edozein erabaki hartuta ere, enpresa txikietako hauteskundeetan parte hartuko dutela baieztatu du, "modu batean edo bestean".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.