Susperraldi ekonomikoaren "zantzu nabariak" ikusten ditu Mondragon taldeko finantza erakundeak. Horien eskutik, bere negozioaren atal guztiek gora egin dute: mailegu gehiago eman ditu, aurrezki gehiago bildu ditu, eta aseguru gehiago saltzea lortu du.
Etxebizitza erosteko maileguetan iazko lehen erdian baino %17,5 diru gehiago utzi du Laboral Kutxak. Apur bat motelago ari dira hazten kontsumorako maileguak: %3,9, hain zuzen ere. Baina "dinamismo" handiena enpresen artean ikusten du, %19 gehiago mailegatu baitira. Edonola ere, orain sinatzen diren mailegu berriak amortizatzen direnak baino gutxiago dira. Horren ondorioz, %1,15 txikitu da kutxak maileguan emandako dirua, 13.465 milioiraino. Hori bai, Laboral Kutxak nabarmendu du bere lehiakideetan are gehiago ari dela txikitzen zifra hori —sektorean, %2,7—.
Aseguruei dagokienez, 17,1 milioi euro eman dizkiote Laboral Kutxari, aurreko urtean baino %34,5 gehiago. Etxebizitzari lotutako aseguru gehiago saltzeari eta autoen alorrean ezbehar tasa txikitu izanari zor dio emaitza hori.
Interes tasa txikiak eragozpena dira sektorearentzat, eta hala dira Laboral Kutxarentzat ere, bere negozio nagusia trabatzen baitute: aurrezkiak biltzea eta horiek maileguan ematea, interes handiagoarekin. Horiek horrela, iaz 144.335 milioiren diru sarrerak eman zizkion atal horrek urteko lehen sei hilekoan, eta 127.082 milioi izan dira aurten (-%12). Galera handi hori dibidenduekin eta finantza eragiketekin konpentsatu ahal izan du, ia-ia bikoiztu egin baitira (+%94,8). Horiei buruzko xehetasunik ez du eman Laboral Kutxak.
Emaitzak hobetzearen beste arrazoietako bat da iaz baino 5,6 milioi euro gutxiago gastatu dituela.