Ekonomia

Laboral Kutxak uste du 2014an %0,8 handituko dela Hego Euskal Herriko BPGa

Murrizketak amaitzeko eta nazioartera salto egiteko laguntzak eskatu dituzte finantza erakunde horretako kideek.

Lander Muñagorri Garmendia.
2013ko abenduaren 18a
20:00
Entzun

Urte amaierarekin batera krisia hasi zenetik egon den atzeraldirik “luzeena” atzean utzi ahal izango dela uste du Xabier Egibarrek, Laboral Kutxako Negozio Garapen saileko zuzendariak. “Litekeena da tunelaren amaieran argia ikusten hastea”. Aurreikuspenak, ordea, ez dira egonkorrak, eta “hausturarako” aukera handiak ikusten dizkio. Horregatik, berreskurapenerako bidea geldoa izango dela uste du. Edonola ere, atzeraldi ekonomikoko azken hiruhilekoa izango da 2013aren amaierakoa. Nafarroan BPGa %1,4 txikituko dela esan du Ikerketa saileko zuzendari Joseba Madariagak, eta EAEren kasuan %1,2. 2014a, ordea, balore positiboekin amaituko dela ziurtatu du. Hego Euskal Herri osoan %0,8ko hazkundea egongo da, ekonomia azkartu egingo delako, eta, horren ondorioz, langabezia tasa aurtengoa baino hobea izango da. Nafarroan %18,3tik %17,6ra jaitsiko da, eta EAEn %15,7tik %15,1era.

Hazkundeak aurrera egin dezan, nazioartera salto egin beharraz hitz egin du Madariagak. Eta horretarako politikariei dei egin die, ez daitezen zain egon “ea zer gertatzen den”, eta enpresei kanpora joateko laguntzak eman diezazkietela eskatu du. Horrez gain, murrizketak amaitzeko eskaera ere egin du, eta “ilusioa sortuko duten” proiektuak bultza daitezela eskatu. Horretarako, berrikuntza jarri du jomugan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.