Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariak gaur ohartarazi du euroak "hiru hilabete baino gutxiago" dituela salbatzeko. Horrela, George Soros estatubatuarrak duela aste batzuk egindako adierazpenei erantzun die —hark Alemaniari adierazi zion epe hori izango zuela moneta salbatzeko—.
CNN telebista katean egin ditu adierazpenok Lagardek. Hark azpimarratu du hiru hilabete baino lehen neurriak hartu behar direla, eta gogorarazi du eurogunea "eraikitzeko" denbora asko eman dutela, eta oraindik "eraikitze lanetan" ari direla. Lagarderen arabera, arrakasta "erabaki politikoek menpe" egongo da.
Ez du Grezia eurogunetik ateratzeko aukeraren inguruan iritzirik eman. Defizit fiskala gradualki eta etengabe gutxiaren alde agertu da.
Sirizak esan du ez duela Grezia eurogunetik ateratzeko asmorik, baina Europari errespetua eskatu dio
Alexis Tsipras Greziako Siriza ezkerreko alderdiko buruak esan du igandean hauteskundeak irabazten badituzte Greziak eurogunean jarraitzeko lan egingo dutela, ez dutela herrialdea handik ateratzeko asmorik.
Hala ere, berriro adierazi du aurreko gobernuak Europako Batasunarekin egindako akordioa ez duela gustuko. "Guk bozak irabazi arren Bruselak akordio hori gauzatzen segitzen badu, Europak demokrazia errespetatzen ez duen seinale izango da. Eta demokraziarik gabeko Europak ez du etorkizun politikorik".
%8,5eko interesa finantza erakundeentzat
Joaquin Almunia Europako Batzordeko presidenteordeak gaur adierazi du Espainiak gutxienez %8,5eko interesa kobratuko diela urtean erreskatatuak diren finantza erakundeei, Europako legediak hala eskatzen duelako.
Efe berri agentziari emandako elkarrizketa batean Almuniak azaldu du Espainiako Gobernuaren eskaera Estatuaren "inbertsioa" dela. Gaur ere Espainiaren arrisku sariak 530 puntuak gainditu ditu.
Fitch rating agentziaren arabera, Espainiak ez ditu 2012 eta 2013. urteetarako zehaztutako defizit helburuak beteko. Gainera, agentziak uste du aurreikusitakoaren eta izango denaren arteko aldea "nabarmena" izango dela.