Laguntza galtzeko beldurrez

Javi Juanes gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errentarik gabe geratzeko beldurrez bizi da, batean gauza bat eta hurrengoan kontrakoa esaten diotelako.

Diputazioko gizarte zerbitzuek Bilbon dituzten bulegoen parean egin zuten elkarretaratzea, atzo. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
2011ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Javi Juanes 37 urteko bilbotarrak urteak daramatza gutxieneko diru sarrerak bermatzeko laguntzari esker bizitzen. «Etapa desberdinak izan ditut, baina denera urte asko daramatzat laguntza horrekin». Duela hiruzpalau hilabete, gizarte zerbitzuetatik bidalitako gutun bat jaso zuen, esanez datozen bi urteetarako laguntza ziurtatuta zeukala. Juanesek gustura hartu zuen berria, baina haren pozak ez zuen luze iraun, handik gutxira kontrakoa zioen beste gutun bat jaso zuelako. Hilabete gutxiren buruan laguntza kenduko ziotela zioen.

Kontua da orain Lanbidek kudeatzen dituela lehen udalen eta diputazioen esku zeuden hainbat laguntza—horien artean Juanesek jasotzen duena—, eta laguntza hori jasotzeko baldintzak aldatu egin dira. Orain, gutxieneko errenta jaso ahal izateko, ezinbestekoa da Lanbiden izena emanda egotea eta lana topatu artean prestakuntza ikastaroak jasotzea. Hain zuzen, horixe da Juanesek betetzen ez duen baldintza, ez baitago zerrenda horretan izena emanda. «Horregatik kendu nahi zidaten laguntza. Baina, hainbat arrazoi pertsonalengatik, ez dut uste zerrenda horretan egon behar dudanik».

Horrela, abisua jaso eta berehala gizarte zerbitzuetara jo zuen. «Nire bizitzako gorabehera guztiak kontatu nizkion hango langile bati, eta esan zidan lasai egoteko, nirea konponduta zegoela, eta laguntza jasoko nuela». Juanes, baina, ez dago erabat lasai, gizarte zerbitzuetara doan aldi bakoitzean gauza diferente bat esaten diotelako. «Batean, gizarte langile batekin hitz egitera joan, eta etxera bidaltzen naute, lanez gainezka eta ezin iritsita dabiltzalako. Hurrena, berriz, esku zabalik hartzen naute, eta aldian behin joateko esaten didate». Zerbitzu horien logika ez duela ulertzen dio Juanesek, eta berak ezin duela ziurgabetasun egoera horretan bizi, besteak beste, kreditu bat duelako ordaintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.