Krisia eurogunean. Goi bilera Bruselan

Laguntzak baldintzak ditu

Bankuen erreskate zuzena eta erreskate tresnek herrialdeen zorra erosi ahal izatea hitzartu dute Bruselako goi bileranHerrialdeei baldintzak ezarri ahal izango dizkiete neurri berrien truke

jakes goikoetxea
2012ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Denak garaile. Espainiak eta Italiak, Frantziaren babesarekin, lortu dute ESM erreskate tresnak bankuei erreskateak zuzenean ematea eta herrialdeen zorra erosi ahal izatea. Bruselako bi eguneko goi bileraren aurretik espero zena baino gehiago da. Neurri horiek baliatzekotan, baldintzen truke izango da. Baita herrialdeentzat —herritarrentzat— ere. Alemaniak, Europako Batzordeak eta EBZk gogorarazi diete. Denak garaile? Ez. Diru publikoa erabiliko dute bankuei eta hartzekodun pribatuei laguntzeko.

Neurri horiez gain, sorpresarik ez. 130.000 milioi euroko hazkunde plana onartu zuten eta konpromisoa hartu zuten urratsak batasun ekonomikoa sendotzeko.

Europako Batasuneko adierazpenek erantzunak baino galdera gehiago eragiten dituzte. Atzokoak ere bai. Zaila da orri eta erdiko adierazpen batean euroa salbatzea eta salbamenduari buruzko xehetasunak ematea.

Burtsek eta zor merkatuek atzo euforiaz hartu zuten goi bilerako akordioa, baina merkatuetan ohikoak dira egun bateko festak eta asteetako biharamonak. «Astelehen beltz bat» saihestu dela esan zuen Mario Monti Italiako lehen ministroak. Etzi ikusi beharko da.

Zer onartu dute?

Alde batetik, euroguneko bankuek ikuskatzaile bakarra izatea eta Europako Banku Zentralak (EBZ) erakunde ikuskatzaile horren parte hartzea; bestetik, ikuskatzaile bakarra onartutakoan, ESM Europako Egonkortasun Funtsak zuzenean bankuak erreskatatu ahal izatea; ESM lehentasunezko hartzekoduna ez izatea, hau da, zorrak kobratzean gainerakoen maila bera izatea; eta, herrialderen batek eskatuz gero, EFSF eta ESM erreskate funtsek herrialde horren zorra erostea. Orain arte EBZk egin izan du, eta orain ere egingo du, erreskate funtsak babestuz.

Euroguneko finantza erakundeen ikuskatzaile bakarra egonda, berez, herrialdeetako banku zentralek eta gobernuek baino zalantza gutxiago izango ditu bankuak birkapitalizatzera behartzeko edo likidatzeko. EBZren ardura izango da, eta erabakiak kolokan utzi du Europako Bankuen Agintaritza (EBA).

ESM lehentasunezko hartzekoduna ez izatea garrantzitsua da Espainiarentzat, baldintza horrek inbertsiogileak uxatu baititu, dirua galtzeko beldur, eta inbertitzen jarraitu dutenek interes handiagoak eskatu baitituzte, arrisku handiagoaren truke.

ESMk 700.000 milioi euro dauzka, horietatik 500.000 inguru erabilgarri. Herrialdeek euroguneko barne produktu gordinean duten proportzioaren arabera jartzen dute dirua: gehien, Alemaniak, %27, 190.000 milioi euro; gero Frantziak, 142.000 milioi euro.

Espainiako bankuek erreskate zuzena jasoko al dute?

Goi bilerako adierazpenaren arabera, ez. ESMk bankuei zuzenean erreskatea emateko indarrean egon behar du euroguneko bankuen ikuskatzaile bakarrak, eta adierazpenak dio ikuskatzaile bakarra sortzeko proposamenak urtea amaitu baino lehen aztertu behar dituela. Aztertu. Onartu, beranduago.

Beraz, Espainiak —ez bankuek— EFSF behin-behineko erreskate funtsaren erreskatea jasoko du, gero bankuei dirua uzteko. ESM indarrean jartzen denean, erreskatearenkudeaketa ESMren esku geratuko da.

Hala ere, Espainiako Gobernuak aukera du zati bat orain EFSFri eskatzeko eta gero beste bat ESMri, horrek bankuei laguntza eman diezaiekeenean. EFSFri eskatutako erreskatea Espainiako Gobernua zamatzen du: bera da dirua bueltatzearen arduraduna, eta erreskateak zor publikoa eta defizit publikoa handituko ditu. Bankuentzako erreskate zuzenak, teorian, ez luke bere diru kontuetan eragingo.

Erreskate zuzena indarrean egon zain itxaron dezake Italiak. Bertako zenbait bankuk kapital premia dute.

Adierazpenak Irlanda aipatzen du. Irlandak erreskatea jaso zuen, bankuen zuloa estaltzeko.Atzoko testuak dio Irlandako finantza sektorearen egoera aztertuko duela, «doikuntza programa hobetzeko». Antzeko kasuak berdin tratatuko direla ere badio. Alegia, baldintza berriek mesede egin diezaiokete Irlandari, bankuen zama arintzeko. Aspalditik ari da erreskatearen baldintzak berriro negoziatzeko eskatzen.

Laguntzen truke baldintzak ezarriko al dizkiete herrialdeei?

Raxoiren arabera, laguntza aukera berrien truke ez diete baldintzarik ezarriko. Bestelakoa diote Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidenteak eta Herman Van Rompuy Europako Kontseilukoak. «Ez dugu gure filosofia aldatu: laguntzak baldintzen truke», esan zuen Merkelek. Neurriek «sinesgarriak» izateko «baldintza zorrotzak» behar dituztela Draghik. Eta ezer ez dela doan, baldintzak «funtsezkoak» direla Van Rompuyk.

Goi bilerako adierazpena irakurrita, baldintzak badaude. Ez troikak Greziari, Irlandari eta Portugali ezarri dizkiotenak bezain gordinak, baina badaude.

Zein dira baldintzak?

Adierazpenak argi eta garbi dio: bankuek ESMren laguntza zuzena jasoz gero, «baldintza egokiak» ezarriko dizkiete finantza «erakunde bakoitzari, sektore bakoitzari edo ekonomia osoari». Beraz, herrialdeei ere ezar diezazkiekete baldintzak.

Erreskate funtsek herrialderen baten zorra erosteko, berriz, dio herrialdeek bete egin behar dituztela «berariazko gomendioak» eta orain arteko itunetan hartutako konpromiso guztiak. Espainiako Gobernuari, esaterako, BEZa igotzea eta etxebizitza kenkaria kentzeko gomendatu dio Europako Batzordeak, eta Espainiako Gobernuak onartu egingo ditu. Gomendio gehiago ere egin diezazkioke, eta bete egin beharko ditu erreskate funtsek bere zor bonuak erostea nahi badu.

Espainiak eta Italiak, oraingoz, ez dute beren zorra erosteko eskatuko. Lehen ere erreskate funtsek eros zezaketen herrialdeen zorra, baina herrialdeak trukean, ohiko erreskateen baldintzak bete behar zituzten.

Amore eman al du Alemaniak?

Bai. Goi bileraren aurretik pentsaezina zen Alemaniak onartzea bankuen erreskate zuzena eta erreskate funtsek herrialdeen zorra erostea. Italiak uko egin zion hazkunde plana onartzeari, Italiaren eta Espainiaren egoera samurtzeko neurririk onartzen ez bazen; Espainiak Italiarekin bat egin zuen; eta Alemaniak amore eman zuen.

Merkelek azterketa zeukan atzo arratsaldean Bundestagen. Itun fiskala eta Alemaniak ESM funtsean parte hartzea —dirua jartzea— onartu zuten, koalizio gobernuko alderdien eta oposizioko batzuen babesarekin. Merkelek, badaezpada, diputatuei behin eta berriro esan zien Bruselan hitzartutako laguntzak «baldintza zorrotzen» truke direla.

Zein dira epeak?

Goi bileraren amaierako adierazpenak Eurotaldeari eskatu dio uztailaren 9an indarrean jar ditzala erabakiak. Euroguneko Ekonomia eta Finantza ministroen taldeak bilera du egun horretan, besteak beste Espainiaren erreskatearen baldintzak zehazteko.

Prozesua korapilotsua eta luzea izango da, euroguneko herrialdeek aho batez onartu behar baitituzte atzoko neurri gehienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.