ekonomia

Laiki Bank-en berregituraketa iragarri dute Zipren

Astelehenera arte larrialdiko likidezia bermatu dio EBZk Zipreri. Asteartera arte bankuak itxita egongo dira. Bitartean, batzorde bat osatu dute erreskatearen blokeoa askatzeko. EBren 10.000 milioi euroko erreskatearen truke 5.800 milioi nondik lortu, horixe da arazoa. 

2013ko martxoaren 21a
19:13
Entzun

Panikos Dimitriadis Zipreko Banku Zentraleko presidenteak iragarri du finantza erakundeak onbideratzeko planaren barruan, Laiki Bank berregituratuko dutela. Hori egin ezean, ekonomia "arriskuan" legokeela esan du.

Neurri horrekin, bankuak jardunean jarraitu ahalko du, eta bezeroei zerbitzua eskaintzen, Dimitriadisek ziurtatu duenez.

Zipreko Gobernuaren B planak izan ditzakeen xehetasunak zabaldu dituzte hainbat hedabidek. Horien arabera, Laiki  Bank-en dauden 100.000 euro baino gutxiagoko gordailuak Cyprus Bank-era pasako lirateke. Era berean, Cyprus Bank-en dauden 100.000 eurotik gorako gordailuak eta mailegu berankorrak Laiki Bank-era igaroko litzateke, eta banku txarra bihurtuko litzateke.

Europako Banku Zentralak gaur adierazi du hilaren 25era arte, astelehenera arte, Larrialdiko Likidezia Laguntza bermatuko diola Zipreri. EBZk esan duenez, Larrialdiko Likidezia Laguntza soilik egon daiteke Europako Batasunaren eta NDFren laguntza programa bat baldin badago, bankuen kaudimena bermatuko duena.

Atzo bertan Jorg Asmussen Europako Banku Zentraleko kontseilari alemaniarrak Nikosiari gogorarazi zion erreskatearen gaineko akordiorik ezean EBZk Larrialdiko Likidezia Laguntza ken diezaiokeela. Une honetan flotagailu horixe da Zipreko bankuak ur gainean mantentzen dituen euskarri bakarra. Dena den, EBZk kontrakoa esan zuen herenegun Nikosiako Parlamentuak ezezkoa eman ostean: beharrezko likidezia mantenduko ziola.

Jeroen Dijsselbloem eurotaldeko presidenteak ere hitz egin du gaur. Uste du Errusiak diru gehiago jartzearekin ez dela Ziprek duen egoera konponduko —2011n 2.500 milioi euroko mailegua eman zion—. Atzo Zipreko eta Errusiako Finantza ministroak bilduta egon ziren Moskun, baina akordiorik gabe amaitu zen bilera. 2.500 milioi euroko mailegua berrikusteko bildu ziren, horren baldintzak berriro ikusi eta luza daitekeen zehazteko. 

Europako Batzordea, egoeraren larritasunaz

Europako Batzordeak "larritzat" jo du Zipreren egoera. Simon O'Connor Ekonomia eta Diru kontuetarako EBko bozeramailearen arabera, "urgentziazkoa" da argitzea herrialdeak erreskatearen aurrean hartu beharreko bidea.

"EB itxaroten ari da, eta Zipreren gaiarekin lanean. Argi dago egoera larria dela", adierazi du prentsa aurrean. O'Connorrentzat Zipreko agintariei dagokie "bide koherente" bat aurkeztea. Gogorarazi du Europako Batzordea harremanetan dagoela Nikosiarekin.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.