Lan gatazkak

Laminaciones Arreguiko 160 langileri bi urtez kontratua etetea baliogabetu du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Bigarren aldia da epaitegi batek enpresaren erregulazio espediente bat ezeztatzen duela.  

Iker Aranburu.
2013ko apirilaren 8a
18:44
Entzun

Bi urtez 160 langileren kontratuak eteteko erregulazio espedientea aurkeztu zuen martxoaren 27an Celsa Atlanticek Gasteizko eta Urbinako fabrikentzat (Laminaciones Arregui izandakoa). Erregulazio horretarako Madrilera jo zuen enpresa katalanak, Galiziako lantegi bat ere sartu zuelako. Era horretara, enpresak iskin egin zion Euskal Herriko epaitegiei. Izan ere. EAEko Auzitegi Nagusiak 178 langile kaleratzeko eskaera atzera bota zion iaz.  Azken erregulazio dosier horri buruzko azken hitza Espainiako Auzitegi Gorenak hartu beharko du.

Azken horri garrantzia handia ematen diote langileen ordezkariek. Epaitegiek langileen argudioak aintzat hartuko balituzte, "beharginak hartu beharko lituzke berriro enpresak, eta benetako plan bat negoziatzen hasi", esan zion BERRIAri Nando Anguiano ELAko ordezkariak, Madrilgo epaiketatik bueltan zihoala. Gaur egun 80 bat langile dauzka Celsa Atlantic altzairugileak ekoizpenaren atalean, Gasteiz eta Urbinan, eta beste hainbeste bulego lanak egiten. 2011n, epaitegien erromesaldiarekin hasi aurretik, 365 ziren, 220 ekoizpen lanetan. "2011n baino %20 gutxiago ekoitzi nahi dute, eta %60 langile gutxiago daude horretarako. Ezinezkoa da. Hil honetan 15.000 tona ekoitzi nahi zituzten, eta ez dira 8.000ra ere iritsi", dio Anguianok. "Kontratuak eten nahi dituzte, eta, aldi berean, lanaldia luzatu geratzen direnei. Ez dauka logikarik". Haren ustez, Celsa Atlanticek "kudeaketa arazo larria" dauka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.