Arabako Laminaciones Arreguiko langileek kaleratzeen mehatxua dute gainean, ostera ere, eta mobilizazioak eta lanuzteak egiten ari dira horien kontra. Zuzendaritzak, bitartean, ez du hartu nahi lantaldea murriztea ez den beste neurririk, eta bukatutzat eman ditu alternatibak topatzeko negoziazioak. Langile batzordeak salatu du, hain zuzen, ez dutela beren proposamena entzun nahi izan ere. Siderurgia taldeak Gasteizko eta Urbinako lantegietako bederatzi behargin kaleratu nahi ditu, eta hori eragozteko esku har dezala eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Protesta egin dute Gasteizen, gobernuaren egoitzaren aurrean eskaera helarazteko.
Abenduan eman zien enpresak kaleratze asmoen berri, eta, ordutik, negoziatzen aritu dira langile batzordea eta zuzendaritza, alternatibak bilatzeko. Eusko Jaurlaritza bitartekari gisa ere izan zen orduan, baina enpresak bukatutzat jo zituen bilera horiek hil hasieran. Gatazkan esku hartzeko eskatu diote beharginek, berriz ere. «Enplegu sailarekin bitartekaritza egiten saiatu ginen, baina ez zuen emaitzarik izan. Industria Sailari egin diogu eskaera orain, enplegua eta Arabako lantegien etorkizuna bermatu ditzan», adierazi du David Garcia langile batzordeko presidenteak.
Bilera eskatu diote Jaurlaritzari, gatazkaren nondik norakoak azaldu eta konponbideak adosteko. Izan ere, kezkatuta daude zuzendaritzak proposatutako kaleratze horiek gertatuz gero gehiago ere egon daitezkeelako luze gabe. «Arazoa ez da langile batzuk kaleratu nahi izatea orain, baizik eta horren ondoren enpresak bide beretik jarraitu nahi izatea». Beldur dira, halaber, horrek berekin ekar dezakeelako Celsa Atlantic enpresak Araban dituen bi lantegien itxiera programatua.
Langile batzordeak salatu du lantaldean murrizketak izan direla azken urteetan, eta ez dagoela gehiagoren beharrik. «Neurriak hartu ziren dagoeneko». Garciaren hitzetan, 2012an 360 langile ari ziren Arabako bi plantetan, eta lau urte beranduago 160ra murriztu zen zenbateko hori. 2018an, berriz, 140 behargin ziren guztira, eta egun, 106 bat. «Murrizketak egon dira, horrenbestez; argi eta garbi». Hori dela eta, enpresari galdegin diote azken zortzi urteetan izandako «aldebakarreko bidea» alboratzea, «ez baitie inolako onurarik ekarri ez Celsa taldeari ezta langileei ere».
Mobilizazioei eutsiko dietela jakinarazi dute beharginek. Lanuzteak egiten ari dira hil hasieratik: bi orduko geldialdiak egin dituzte txanda bakoitzean, asteko bi egunetan. Eta gaur arratsaldean manifestazioa egingo dute Gasteizen, 19:00etan, Bilbo plazatik abiatuta.