Lan gatazkak

Laminaciones Arreguiko langileek haien alde lerratzeko eskatu diote Urkulluri

Epaitegi guztiek arrazoia eman diela gogoratu eta gero, zer gehiago behar duen galdetu diote Jaurlaritzako lehendakariari enpresa mahai batean eserarazteko.

Laminaciones Arreguiko langileen protesta, 2013an. RAUL BOGAJO, ARGAZKI PRESS
xabier martin
2015eko urtarrilaren 19a
09:27
Entzun

Laminaciones Arregui ohiko langile kaleratuek eta epaitegien bidez berriro onartuek "kasik hiru urteko agonia" bukatzea nahi dute, eta epaitegiek eman dien arrazoia lagun, Jaurlaritzako lehendakariari esku hartzeko eskatu diote. Celsa Atlantic enpresa negoziazio mahai batean eseraraztea nahi dute langileek, Arabako planten bideragarritasunaren aldeko apustuan.

Hilaren 7an itzuli behar zuten lanera epaitegiek baliogabetutako dosierreko 90 langile kaleratuek, baina zuzendaritzak hilaren 21era atzeratu zuen itzulera, egunotan urteko jaiegun osagarri guztiak hartzea behartu eta gero. Alegia, zubirik gabe geratu dira langileak. Baina, hortik haratago, jarrera horrek zer erakusten duen kezkatzen ditu Laminaciones Arregui ohiko langileak.

Langileek iragarri dute 21eko itzulera horretan ELA, LAB eta ESK batzordeko gehiengoak lanpostuetara lagunduko dituela kaleratuak izan zirenak, eta espero dutela zuzendaritzak alde batera uztea trikimailuak. Gainera, UGT sindikatua gogor salatu dute, "alfonbra gorria" jartzen diolako zuzendaritzari bere planak gauza daitezen. Hauteskunde sindikaletan langile kaleratuak —orain onartuak berriro— kanpoan uzteko ekimena sustatu duela dio langile batzordeak, eta zuzendaritzako hainbat langileren ordezkari gisa hautatuak izateko bidea zabaldu nahi izatea.

Epaitegiek behera bota zuten Celsa Atlanticek 352 langile kaleratzeko 2012an aurkeztu zuen erregulazio dosierra; irizpide hori orain bi hilabete baino gehiago berretsi zuen Espainiako Azuitegi Gorenak. Aurretik, 2012an, EAEko Justizia Auzitegi Gorenak baliogabetu zuen doseirra, Garbiñe Biurrun epailearen sinadura zeraman sententziarekin. Helegitez helegite, epaitegietan ibilbide luzea egin du auziak bi urte eta erdian, harik eta zuzendaritzari lanera itzuli nahi zuten 90 langileak hartzea baino geratu ez zaion arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.