Lan gatazka

Laminacioneseko gatazka "behin betiko ixteko" proposamena egingo dute langileek

Auzitegi Gorenak ontzat jo du enpresako zuzendaritzak 91 lagun kaleratzeko hartu zuen erabakia, baina epai horrek ez duela berehalako ondoriorik izango uste du batzordeak

Ivan Santamaria.
2013ko azaroaren 7a
15:33
Entzun

Laminaciones Arregi enpresako langileek “gatazka behin betiko ixteko” beste proposamen bat aurkeztuko diote zuzendaritzari datorren astean. Negoziazio horietan “gauza guztietaz” hitz egiteko prest agertu dira langileen ordezkariak. “Akordio orokor bat lortzeko prest egongo ginateke orain arte uko egin dizkiegun alderdiak aztertzeko”, ziurtatu du Nando Anguiano batzordeko presidenteak.

Gaur goizean agerraldia egin dute Laminacioneseko langileek Gasteizen, Auzitegi Gorenak kaleratu berri duen epaiari buruz azalpenak emateko. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak zuzendaritzari atzera bota zion erregulazioari buruzko epazpena da. Horretan, 91 langile kaleratzeko erabakia ontzat jo dute Goreneko epaileek. Oso epai eztabaidatua izan da: zazpi epailek alde egin dute eta beste seik kontra.

Epai horrek ez duela orain duten egoeran berehalako aldaketarik eragingo uste dute Laminacioneseko langileek. Honezkero, 70 langile kaleratuak izan dira. Gorenaren epaia “atzetik aurrera” egin dela kritikatu dute, “Laminaciones Arregiren neurrirako epaia bideratzeko”. Edonola ere, epaileek EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari pilota itzuli diote, eta 91 kaleratze horien banan banako legezkotasunari buruz erabakitzea dagokiola adierazi dute. “Auzitegi horrek argi eta garbi adierazi zuen langile horiek berriro lanpostuetara itzuli behar zutela”, gogoratu du Angianok. Epaitegi guztietan kaleratze horien aurka egiten jarraituko dute, eta Gorenaren erabakia Auzitegi Konstituzionalera eramateko prest daude, euren eskubideak larri urratzen dituela iritzita.

Hamazortzi hilabete dira Laminaciones Arregiko gatazka hasi zenetik. Gaur egun, 130 langile inguruk beharrean segitzen dute Gasteizko lantegian- Enpresa eskaera zehatzei erantzuteko ari da lanean. Epaiaren ondotik, euren borrokari beste bultzada bat eman nahi diote Laminacioneseko langileek. Horretarako martxa bat antolatu dute datorren azaroaren 12rako, Martxoak 3 plazatik abiatuta, goizeko 11:30etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.