Laminaciones Arregui enpresako gatazka Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramateko bidea abiatu du ELA sindikatuak. Joan den irailean, Espainiako Auzitegi Gorenak enpresaren helegitea partzialki onartzea erabaki zuen. Orain, erabaki horren aurkako baliogabetasun intzidente bat jarri dute abokatuek. Ekinbide hori beharrezkoa da Konstituzionalera babes helegite bat aurkeztu baino lehen. Alta, helegite horrekin aurrera egiteko borondate osoa du sindikatuak, greba eta askatasun sindikalerako, berdintasunerako eta babes judizial eraginkor baterako oinarrizko eskubideak urratu direla iritzita.
Gatazkaren egoeraren berri eman dute gaur Gasteizen ELAko ordezkariek. Auzi juridikoari dagokionez, Gorenak kaleratu zuen epaia gaitzetsi du Amaia Aierbe abokatuak. "Ebazpenaren abiapuntua egiazkoa ez den datu faktiko bat da, eta horren gainean eraikita dago". Horren arabera, 91 kaleratze ontzat jo dituzte epaileek —enpresak 174 eskatu zituen—. Edonola ere, oso epai polemikoa izan da, ondorioak Laminacionesetik haratago doazelako. Hala, Goreneko lan areto osoak bozkatu zuen, eta zatikatuta geratu zen: zazpi epailek alde egin zuten, eta beste seik, aurka. Azken horiek, gainera, bi boto partikular egin dizkiote epaiari. Gehiengo "oso kontserbadorea" duen aretoa dela nabarmendu du Aierdik, eta epaileen helburu bakarra "lan erreforma berrestea" izan dela uste du.
Orain, zortzi bat hilabete beharko ditu Gorenak baliogabetasun intzidente horren inguruan erabakitzeko. Tramite horrek ez du epaia geldiaraziko, ordea. Ekintza kolektibo hori Konstituzionalera iritsiko bada ere, aurrera jarraituko dute orain langileek banan-banan kaleratzeen aurka jarri dituzten helegiteak.
Luis Fernandez ELAko Industria federazioko idazkari nagusiaren albokoak azaldu du Gorenaren erabakiak ez duela oraingoz gatazkan inolako eraginik izan. "Ez du inolako mugimendu esanguratsurik egin. Besteak beste, epaia bera ez datorrelako bat errealitatearekin". Puntu horretan langileek negoziatzeko borondate osoa dutela azpimarratu du. "Epaiak era batekoak edo bestekoak izan, hemezortzi hilabete iraun duen gatazka hau ez da auzitegietan konponduko. Soilik konpon liteke mahai batean eserita". Horrez gain, Fernandezek salatu du Laminaciones Arreguiren jabea, Celsa Atlantic konpainia, ez dela langileekin batzartu. Kritika hori Eusko Jaurlaritza egiten ari den lanari ere egin dio, halaber. "Hemen dagoen enpresa hitz egitera eser dadin askoz gehiago egin beharko luke Jaurlaritzak".
Gorenaren epaia nahiz enpresaren jarrera salatzeko, manifestazioara deitu du ELA sindikatuak datorren abenduaren 16rako.